Hondarribiak badu mugikortasun iraunkorrerako plana
Udal talde guztiek aho batez onartu zuten atzo udalbatzarrera eramandako mugikortasun iraunkorra helburutzat duen plana.
Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (HMJP) osatzerakoan egindako lana balioan jarri zuten atzo Hondarribiko udal talde guztiek. Aho batez onartu zuten proposamena eta pozik agertu ziren alderdi guztiak azkenean, Hondarribiak ere, epe luzera begira iraunkortasuna lantzen duen plan bat eta itun bat izango dituelako hemendik aurrera.
Juan Luis Silanes Kalixa Ingurumen zinegotziak eskerrak eman nahi izan zizkien prozesuan eta Mugikortasun Mahaiaren hainbat saiotan «parte hartu duten guztiei». Eta ildo horretan, «denok aberasten gaituen esperientzia» izan dela gaineratu zuen.
Abotsanitz udal taldearen bozeramaile Igor Enparan asebeteta agertu zen planarekin, eta «herritarren parte hartze prozesua» aktibatu izana nabarmendu nahi izan zuen. Xabier Isasi EH Bilduren bozeramaileak bere aldetik ere gustura hartu zuen proposamena, baina «Zaldunborda bezalako egitasmoak mugikortasun iraunkorraren kontrakoak» direla gogora ekarri zuen.
OHZren inguruko hobariak
Atzo egindako osoko bilkurak Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren (OHZ) hobarietan sakontzeko proposamena ere jorratu zuen. EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren aldeko botoekin eta Abotsanitzen abstentzioarekin aurrera atera zen ordenantza fiskala aldaketarako proposamena.