Enrike Lekuona gogoan, haren omenezko beka sortuko du udalak
'Itsasoa, ondarea eta euskara. Enrike Lekuona' gazteei zuzendutako ikerketa beka aho batez onartu du Hondarribiko Udalbatzak.
Legealdi honetako lehen ohiko osoko bilkura egin zuen atzo iluntzean Hondarribiko Udalbatzak. Hainbat puntu jorratu zituzten hautetsiek, horien artean, EH Bilduren ekimenez aurkeztutako Itsasoa, ondarea eta euskara. Enrike Lekuona izenpeko mozioa. Eztabaidarik eta kontraesanik gabe, alderdi guztiek bat egin, eta aho batez onartu zuten proposamena.
Lekuonaren senideekin, Sustraia elkarteko kideekin eta Aranzadiko ordezkariekin hitz egin ondoren, haren memoriak «hau eta gehiago merezi duela uste dugu», adierazi zuen Xabier Isasi EH Bilduren bozeramaileak. Itsas ingeniariak eta artistak egindako ekarpenari jarraipena ematea da bekaren helburua, eta jarraipen hori Hondarribian ematea ezinbestekoa dela iritzi zion Isasik mozioaren aurkezpenean.
Bekaren nondik norakoak ere jakitera eman zituen EH Bilduk: gazteei zuzenduta egongo da; itsasoa, ondarea eta euskara ardatz izango ditu; eta, bi urterako ikerketa zabalduko du, urtero 10.000 euroko diru laguntza emanez. Beka udal gobernuak sortu arren, Arma Plaza fundazioaren kudeaketapean gelditzea ere aurreikusi zuen korporazioak.
«Oso egokia» iruditu zitzaion iniziatiba Txomin Sagarzazu alkateari, eta 2020ko aurrekontu zirriborroan lehen partida sartzea proposatu zuen. Igor Enparan Abotsanitz udal taldearen bozeramaileak bere aldetik, «erabat» bat egiten zutela mozioarekin azaldu zuen. Are gehiago, «hiru gaiak –itsasoa, ondarea eta euskara– dira Enrikeren oroitzapena gurera ekartzen dutenak», gaineratu zuen.
‘Mariñel’-en sustraia
Euskal Herrian bere osotasunean mantentzen den legazketari bakarrenetakoa da Kai Zaharrean dagoen Mariñel barkua. Abuztuaren bukaeran Sustraia boluntario taldeak barkuak pairatutako «utzikeria» deitoratu zuen gutun baten bitartez, eta udaleko talde politikoak neurriak hartzera deitu zituen. Mariñel ontziari bizitza ematen buru-belarri aritu zen Lekuona.
Taldearen abisuari kasu eginez, EH Bilduk barkua kultur ondaretzat jo eta zaharberritzeko konpromisoa jasotzen zuen mozioa aurkeztu zuen atzoko plenoan. Abotsanitzekin eztabaida zabaldu zuen koalizioak, eta parte hartze prozesu bat irekitzea adostu zuten proposamenean. Hala, kultur ondare edo monumentu gisa izendatu aurretik «ondorioak aztertzeko eta eztabaidatzeko» aukera izatea planteatu zuen Aitzol Arroyo Abotsanitzeko kideak.
Horrekin batera urteroko aurrekontuan zaintzarako eta eraberritze lanak aurrera eramateko diru partida bat bideratzea ere jasotzen zuen mozioak. Sagarzazu alkateak bat egin zuen proposamenekin eta aho batez aurrera egitea erabaki zuen udalbatzak.