Mugikortasun iraunkorra hizpide izango du bihar Hondarribiko Udalbatzak
Plana zein ituna eramango ditu udalak biharko plenora; Silanesen arabera, mugikortasunaren ikuspegitik «zer nolako Hondarribia nahi dugun» zehazten du proposamenak.
Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana zein Ituna aurkeztu ditu gaur goizean Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes Kalixa Ingurumen zinegotziak. «Epe motzera, ertainera eta luzera begira zer nolako Hondarribia nahi dugun jasotzen du proposamenak», azaldu du Silanesek. Biharko udalbatzarrera eramango ditu proposamenak eta biak onartuak izatea aurreikusi du zinegotziak.
Prozesu luze baten ondorio dira hautetsiak aurkeztutako proposamenak, eta denbora tarte horretan ahuleziak, diagnosia zein ekintza plana zehaztu dituztela azaldu du. Era berean, uztailetik irailera bitartean ekarpenak jasotzeko epea ireki izanak hainbat elkarte eragileren parte hartzea ahalbidetu du, hala nola, Once, Balazta, eskoletako guraso taldeak…
Hamar gakoak
Mugikortasun iraunkorrerako planak hamar lerro estrategiko bildu ditu denera, horien artean besteak beste: oinezkoen lekualdaketak, eremu publikoan egoteko kalitatea areagotzea, bizikleten mugikortasuna hobetzea, garraio publikoa sustatzea, bidearen antolamendua, trafikoa eta aparkalekua…
Mugikortasun mahaiak egindako lana goraipatu du Silanesek eta «eskerrik beroenak» eman nahi izan dizkie bertan parte hartu duten herritar, eragile sozial, teknikari, elkarte ordezkari eta arduradun politiko orori.
Zinegotziaren arabera, jarduna lau lan ildotan banatu du mahaiak: oinezkoak, bizikletak, garraio publikoa eta garraio pribatua. Ildo horretan, Hondarribia hiri «eroso» gisa kontsideratua izan arren, goialdeko auzoetara iristeko igogailuak eta eskailera mekaniko berriak aurreikusten ditu planak. Bizikleten kasuan, bidegorria hobetzea eta falta diren zatiak eraikitzean indarra jarri dute. Garraio publikoari dagokionez, Silanesek «ona» dela esan arren, «hobetu» daitekeela onartu du eta azkenik, garraio pribatuari emandako erabilera ere aztertu dutela esan du.
Planaz harago
Mugikortasun iraunkorraren gaineko ituna ere landu du azken urteotan mugikortasun mahaiak, eta eztabaidak zein tailerrak antolatu ditu horretarako. Hamabi eta hamalau saio artean egin dituzte parte hartzaileek Mugikortasun Iraunkorraren Hitzarmenaren nondik norakoak zehazte aldera. Pertsonak zein erakunde parte hartzaileak lan egitera konprometitzeaz gain, «ikuspegi bateratua eta akordio publikoa» izatera behartzen ditu itunak.
Hamasei puntu biltzen ditu hitzarmenak denera, eta planteatzen duen galdera nagusia da hemendik hogei urtera zer nolako Hondarribia nahi duten herritarrek. Planarekin batera doa, Silanesek adierazi duenez, «bi gauzak onartzeko momentu ona da».
Neurri txikiko autobusaren azterketa
Bideragarritasun ikerketan murgilduta jarraitzen du udalak Silanesek jakinarazi duenez. Hemezortzi geldialdi eginez herriko puntu ezberdinak lotuko dituen neurri txikiko autobusa abiatu nahi dute, nahiz eta hori nola gauzatu aztertzen ari diren oraindik.
Autobus bat edo bi izango liratekeela azaldu du zinegotziak, «eta gaur egun elektrikoa izatea logikoa dirudi». Hala eta guztiz ere, neurri txikiko autobus gutxi daude oraindik ere merkatuan eta zenbait kaletako zabalera ikusita autobus txikia izan beharko luke nahita ez. Beraz, ibilgailu elektrikoez gain, hibridoak ere aztertzen ari direla aurreratu du zinegotziak, baina, ezaugarri tekniko guztiak baloratu behar dituztela gaineratu du. Mugi txartela baliatu ahal izatea ere aurreikusi dutela onartu du hautetsiak.