Gobernuz Kanpoko Erakundeek diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu du udalak
213.543 euroko diru zatia aurreikusi du horretarako, eta interesdunek, berriz, azaroaren 29a izango dute eskaerak egiteko azken eguna.
GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeei begirako diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu du udalak. 213.543 euroko diru zatia aurreikusi du horretarako, eta interesdunek, berriz, azaroaren 29a izango dute eskaerak egiteko azken eguna. BAZen egin beharko dute eskaera GKEk eta udalaren web orriko sarrera erregistroaren bidez ere egin dezakete eskaera. Udalak gogorarazi du udaletxean egiten ari diren lanak direla eta, Javier Ugarte kalean dagoela une hauetan BAZ.
Gaur bertan argitaratu dute iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta aurtengo laguntzetan iaz esleitu ez zen diru kopurua kontuan hartu duela udalak azaldu du Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lana “eskertu” du Larrartek, baita erakunde horiek erakutsi duten jarrera ere izandajko arazo administratiboen aurrean, “aurrerantzean normaltasunera eta iaz arteko epeetara bueltatzea da gure helburua”.
Abotsanitzek mozioa
Abotsanitz udal taldeak mozioa aurkeztu du hain justu GKEn diru laguntzen prozeduren gainean, eta biharko plenoan aztertuko dute. Mozio horren berri, hilaren 10ean eman zuen udal taldeak. Iaz udalak eskaera gehienak ezeztatu zituela salatu du mozio horretan Abotsanitzek, “prozedura abendura arte ez abiatzearen ondorioz”, eta aurten gauza bera eginez gero, erakundeak “kinka larrian” geratuko liratekeela ohartarazi du. Gobernuz kanpoko erakundeei zuzendutako diru laguntza prozedura “berehala” abiatzeko eskatuko du Abotsanitzen udal taldeak hilaren biharko osoko bilkuran.