Zergak ez igotzea eta hobarietan sakontzea eramango du plenora udalak
Familia ugariei eta bigarren etxebizitzei zuzendutako hobariak dira udalbatzan proposatuko dituztenak; 2020. urteko aurrekontu zirriborroa ere aurkeztu dute agintariek.
Bi proposamenen berri eman dute gaur goizean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak. Familia ugariei eta bigarren etxebizitzen gaineko Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) arintzeko proposamena aurkeztu dute batetik, eta 2020ko aurrekontu zirriborroa dagoeneko prest dutela azaldu dute bestetik.
Etzi, asteazkenarekin, egingo den udalbatzara eramango dute OHZren gaineko hobarien proposamena, eta hori onartzea aurreikusi dute. «Zergak ez igotzea eta hainbat hobari eskaintzeko aukeran sakontzea» da helburua Sagarzazuk esan duenez. Ildo horretan, familia ugarien eta bigarren etxebizitzen inguruko azterketa sakona egin eta hobariak «ahalik eta familia gehienengana» iristea nahi dutela zehaztu dute udal agintariek.
Familia ugariei dagokienez, ohiko bizilekuaren gaineko OHZ hobaria jasoko dute «Familia Errenta Estandarizatuan duten mailaren arabera Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin alderatuta», adierazi du Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak.
Bigarren etxebizitzen kasuan, hobariak hamabi kasutan aplikatzea aurreikusi du udalak. Horien artean daude, besteak beste: erakunde publikoek kudeatutako alokairu programetakoak, jarduera ekonomikoetara bideratutakoak, adineko zentroren batean ingresatutako pertsonenak, ohiko etxebizitza izan ez arren 1750 kilowatt-orduko energia kontsumoa demostratzen dutenak…
2020. urteko aurrekontuak
Datorren urtera begirako aurrekontu proposamena aurkeztu du Hondarribiko Udalak gaur goizean egindako agerraldian. 22 milioi eta 400.000 euro aurreikusten ditu proposamenak. Dagoeneko gainontzeko udal taldeen eskutan dagoela zirriborroa jakitera eman du alkateak. Hala, azaroaren 14an aurrekontuen gaineko batzordea egingo dute eta eztabaida, zuzenketa eta ekarpenen ondoren, azaroaren 28rako hori bozkatzea proposatu du tokiko gobernuak.
«Udal honek ez dauela zorrik nabarmendu nahi dugu», argi utzi nahi izan du Sagarzazuk. Eta horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten banatutakoa handiagoa izatea espero dute, beraz, «margen oso interesgarria» dela iritzi dio. Ildo horretan, diputazioak bideratutako aurrekontutik Hondarribiko herritar bakoitzeko 725 euro egokituko zaizkiola azaldu dute bi udal agintariek.
Hala eta guztiz ere, Espainiako gobernuak irizpide orokor gisa zehaztutako %2,9 baino gehiago ezin dutela handitu aurrekontu proposamena ohartarazi du alkateak, «nahiz eta dirua izan eta borondatea eduki, ezin dugu gehiago handitu». 2019ko likidazioa egiterakoan eta horrek emaitza positiboa ematen duenean, orduan «inbertsioak handitu ahal izango direla» gaineratu du.