Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga %1,5ean igotzea proposatu du udal gobernuak
Udal gobernuak tasen eta zergen modifikaziorako duen proposamenari zenbait zuzenketa egin dizkiote Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza eta EAJ taldeek.
Irungo Udaleko Ogasun ordezkari Miguel Angel Paezek tasa eta zergen modifikaziorako udal gobernuak duen proposamena aurkeztu du gaur goizean. Atzo bertan Ogasun Batzordean datorren urterako ordenantza fiskalen inguruko proposamena aurkeztu zuen udal gobernuak. Datorren asteazkeneko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartuko dituzte bertan bildutakoak.
Lehenik, 2014tik Ogasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) “izoztuta” egon dela gogoratu du ordezkariak. Hala, proposamen berri honetan %1,5eko igoera proposatu dute. Praktikara eramanda, 3-6 euro bitarteko igoera jasango dute bataz beste etxeko ordainagirian. Bestalde, bineta zergak ere %1eko igoera jasango lukeela zehaztu du Paezek, baina zilindrada handiko auto eta motoei ez diela eragingo.
Era berean, hobarien politika berbera izatean jarraituko duela zehaztu du. Gainera, bestelako tasei dagokionean, modifikazio handirik proposatu ez dutela zehaztu du.
Zuzenketak
Berehala erantzun diote Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza eta EAJ udal taldeek Paezek aurkeztutako proposamenari. Lehenak erantzuten formazio moreko kideak izan dira. “Behar gehien dutenei zergak jaistea tokatzen da orain, eta enpresa handiei igotzea”, adierazi du David Soto bozeramaileak. Orotara, 21 zuzenketa aurkeztu dituzte, “gehien dutenek gehiago ordain dezaten”.
Lehen proposamena, beharra duten familientzako OHZ %95ean txikitzea da. Gainera, telefonia, gas eta elektrizitate enpresei tasa berri bat aplikatzea ere proposatu dute. Beste zuzenketen artean, kiroldegiko bazkideek Plaiaundiko igerilekuetara doan sartzea, doako TAO zerbitzua lehen 30 minutuetan, denda berriak irekitzeko lizentzia jaistea (Km0 produktuak eskaintzen dituzten enpresei doakoa) aurki daitezke.
Jeltzaleek ere udal tasen inguruko iritzia jakinarazi dute gaur. Lehenik, Xabier Iridoy bozeramaileak gobernu sozialistak 2020rako aurkeztutako proposamena ikertu ostean, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) “bikoizten eta hirukoizten duten igoerak” proposatu dituela salatu dute. “Ez dugu ulertzen, tasak eta zergak izoztu egingo zirela iragarri zenetik jaso diren datuak positiboak izanda, nola proposatu dezaketen orain KPIa hirukoiztea. Agian 2019ko zergen eta tasen igoera izozteko arrazoia ez zen argudiatu zutena?”, adierazi du Iridoyk.
OHZ %1,5ean igotzearen aurrean, jeltzaleek zerga hau KPIaren ehunekoa soilik igotzea planteatu dute. “Gehiegikeria galantatzat” hartu du taldeak alderdi sozialistak aurkeztutakoa. Era berean, ibilgailuen zergei dagokionez, igoera orokor bezala KPIa izan dadila proposatu dute, eta ibilgailu kutsatzaileentzako KPIa + %1eko formula iragarri du Iridoyk. Udal tasei dagokienean, merkataritzari eta ostalaritzari eragiten dien tasen gainean, gobernuak %2ko igoera proposatu dutela gogoratu dute. Hala, bi sektoreei eragiten dieten tasa izoztea proposatu dute. “%2aren igoerak momentu honetan KPIa lau aldiz areagotzea suposatuko luke eta, zentzugabekeria benetan merkataritza sustatu nahi badugu”.