Malen Garmendia: «Lesbos irla kartzela natural bat da, ezin zara hortik atera»
Atsedentxo bat hartu ostean, berriz ere hiru hilabetez bueltatuko da irundarra Lesboseko Moria kanpalekura. Egunero 2.000 janari errazio banatzen dituzte Zaporeak-eko boluntarioek.
Harrera Sarean denbora luzez aritu ostean, Lesbosera joatea erabaki duzu. Zer dela eta erabaki hori?
Kasualitatea izan da. Oso argi nuen hara joan nahi nuela. Aurretik, Atenasen errefuxiatu kanpaleku batean lan egindakoa naiz. Errealitate hori ezagutzen nuen, baina ez Zaporeak-en ikuspuntutik. Zaporeak-en proposamena heldu zitzaidan, eta ez nuen zalantzarik izan. Asteazken batean konfirmatu, eta igandean bertan hara joan nintzen, egun batetik bestera izan zen. Hiru hilabetez egon naiz, orain bi astez atsedentxoa hartzen ari naiz, eta 24an [atzo] berriz ere banoa, beste hiru hilabetez.
Zein izan zen iritsi zinenean jasotako lehen inpresioa?
Ez dut sekula horrelako egoera hain prekariorik ikusi, oso-oso prekarioa da. Azken finean Atenasen daude, beste egonkortasun bat dago, beste itxurakeri bat. Baina Lesboseko bitartekoa desastre hutsa da, ikaragarria. Emergentzia asko dago, egunero ari gara emergentzia deiei erantzuten, gure aldetik ahal duguna egiten, baina orokorrean egoera oso-oso kaskarra da. Bizitza kondizio duinak eta giza eskubideak ez dira errespetatzen inondik inora, bizi behar duten egoera izugarria da. Atenasen kexatzen nintzen, eta bertan kontainer bakoitzean 15 lagunek egiten zuten lo. Lesbosen, Moriako kanpamenduan batez ere, kartoi baten gainean lo egiten ari dira, ez dute teilaturik. Zortea izanez gero, kanpin denda bat ematen diete.
3.000 lagunentzako egokitutako gunean, zenbat daude egun?
Egun 13.000 pertsona inguru daude, ezin duzu ezta imajinatu ere nola dagoen egoera. Beraien arteko tentsioa handia da, amorruz daude. Borrokak eta liskar ugari sortzen dira. Baina, nola ez da egongo tentsiorik? Ez dituzte gutxieneko beharrak ere beteta. Berdin du zergatik izan den, ikusi zein den egoera, edonor horrelako egoera batean bizi bada, normalena izango da edozein tentsio edo bultzada batek, berdin du zerk, eztanda eragitea. Jendeak hiru orduko ilarak egiten ditu otordua jasotzeko eta hori lortzen badu, noski. Azkenean denak esperoan daude, norbaitek bere bizitzaren gaineko erabaki ezinbesteko bat hartzeko esperoan.
Hortaz, ez daude guztien beharrak asebeteta, ezta?
Ez gara iristen. Guk orain egunero 2.000 errazio egiteko aukera dugu. Egun, hiru GKE gaude janaria prestatzen. Ez gara guztiengana iristen, eta horregatik Greziako gobernuaren eta Europako Batasunaren diruarekin ordaintzen den catering bat dago. Halere, mafia modukoa da. Hau da, Moriako zuzendaria catering-aren nagusiaren lehengusua da. Ikusten duguna da aberasten ari direla diru horrekin, pertsona hauen miseria probestuz. Eta ikusi behar da ere banatzen duten janari hori, hori da prekarioena. 100 gramoko errazioak banatzen dituzte pertsonako, eta gainera, jan ezin diren jakiak izaten dira. Behin batean Moria barruan sartu behar izan ginen, emergentziaz deitu gintuzten. Izan ere, gurasorik gabe heldutako gazteek ez zuten janari hori jateko asmorik, eseri egin ziren eta uko egin zioten. Moriako zuzendariak deitu ostean, 300 pertsonentzako otordua ematera sartu behar izan genuen. Elikaduraren egoera bezala, higienearena ere oso prekarioa da. Komunak erabiltzeko sekulako ilarak egin behar dituzte, erabiltzaileek askotan diote ezin direla dutxatu, orduak egin behar izaten dituzte garbitu ahal izateko. Eta emakumeen egoera are zaurgarriagoa da. Askok esaten dute ezin dutela bakarrik joan komunera, kanpoan baitaude komun horiek. Segurtasun falta ikaragarria dago, bortxaketak daude egunero. Ez dago inolako kontrolik.
Zenbat denbora pasatzen dute Lesboseko kanpalekuetan?
Prozesua honakoa da: pateran iristen dira, poliziek hartu eta portura eramaten dituzte. Interrogatu egiten dituzte, egun bat pasa dezakete agian portuan, jakiteko ea zein mafiarekin heldu diren honaino. Gero, den-denak Moriatik pasatzen dira, hor baitago administrazioa. Bertan erregistratu eta berez, mediku bat egon beharko luke, zaurgarritasun zenbaki bat emateko. Hortik aurrera asilo prozesuarekin hasten dira. Oso motela da prozesua. Irla kartzela natural bat da, atera nahi duzu, baina ezin duzu. Askotan aztertu dugu nola egiten duten penintsulara bidaltzeko aukeraketa hori, iruditzen zaigu erabat aleatorioa dela. Ez dugu ikusi irizpiderik jarraitzen dutenik. Irlan agian 3-4 urte pasatu dituzte batzuek, baina badira hiru hilabetera mugitzen dituztenak.
Lan handia izan behar du hamar pertsonen artean egunero 2.000 errazio egitea.
Sekulakoa, lan asko-asko da. Azken finean horretara gaude, eta printzipioz bi mila horiek kubritzen baditugu ongi, baina badugu espektatiba ahal den heinean sukaldea handitzeko, edo beharren arabera aldatzeko. Guk gehienbat janari banaketa emakume eta haurrei egiten diegu, hor enfokatzen dugu, ezin garelako denera iritsi.
Egoera horren aurrean, zer eskatzen duzue han lanean ari zareten GKEk?
Eskatzen diegu behintzat egoera horri duintasun eskas batekin erantzutea. Ez dago borondate politikorik. Orduan, ez diogu egoerari aurrez begiratu nahi. Bestalde, eta nola ez, zirkulazio librea exijitzen dugu. Mugak bai ala bai ireki behar dira. Noiz erabakitzen dugu guk nor den errefuxiatua, nor ez, zeinek duen Europan sartzeko eskubidea? Guri inork ez digu galdetzen Alemaniara goazenean zergatik joaten garen. Zergatik jarri behar ditugu guk hainbeste oztopo? Bakoitza norbanako bat da, bakoitzak bere arrazoiak eta bere istorio propioa dauka. Ezin duguna da kolektibizatu, denak ez datoz gerratik ihesi. Horregatik diogu ez dela ezberdindu beharrik.
Errefuxiatu-migrante dikotomia hortaz ari zara.
Hori da. Berdin du zein arrazoik bultzatu dituen hona etortzera. Beraien eskubideak urratuak izan dira berdin-berdin. Hona etortzen diren asko ez ziren gaizki bizi haien herrialdeetan, dirua behar da bidaia hori egiteko. Askok ez zuten haien herrietan hiltzeko arriskurik, baina pasa duten bidaia bizitu eta gero zer inporta zaigu zein den bere benetako arrazoia? Azken finean, bere eskubideak urratuak izan dira eta babesa behar dute, ez dago besterik.
Hona heltzean, espero zuten hori aurkitzen dute?
Tamalez, ez. Europa idealizatua dute. Erreskate talde batekin aritu nintzenean, Lesbosera iristean uste dute jada dena egina dagoela, baina ez. Erreskatistek esaten diete, “lasai, Europan zaude, baina noski, begira zer datorren’. Pentsa, diru guztia jarri dutela bidaia hori egiteko, orduan, nola esango diete atzean utzi dituzten senideei horrelako egoera batean daudela? Askok ez dute hori kontatzen. Beti gogoratuko dut haur batek amari esandakoa: ‘Ama, zergatik ekarri nauzu berriro gerrara?’. Azken finean, kanpalekuan bizitzen dituzten egoerak gerrakoak dira ia-ia, eta hori onartezina da.