Kalean jarraituko dute
Irunek migranteentzako zentro berria izan arren, oraindik ere Irungo Harrera Sareko kideen lana ezinbestekoa izaten ari da. Askok kalean lo egin behar izaten dutela salatzen jarraitzen dute.
Pasa den urriaren 1etik, Irunek migratzaileentzako zentro berri bat du. 100 plazatik gorako aterpetxea zabaldu dute Belaskoenea auzoan, bertako industria gunean. Horren irekierarekin, betirako itxitzat eman dute Martindozeneako aterpetxea.
Irungo Harrera Sarearen presioari esker, erakundeek eskainitako baliabideak pixkanaka hobetu egin direla aitortu dute sareko kideek, zentro berria da horren adibide. Halere, oraindik boluntarioen lana beharrezkoa izaten ari da, udalak bere gain hartu ez dituen lan horiek euren kabuz egin behar izaten baitituzte. «Orain, lehen ez zituzten bitarteko batzuk dituzte, eta behar batzuk ase beteta daude, baina migranteen egoerak berbera izaten jarraitzen du», salatu du sareko kide Amaia Ocak. Maiz salatu du sareak iristen diren migrante guztiek ez dituztela aterpetxeetan sartzeko aukera berberak.
Gainera, azkenaldian profil berri bat heltzen hasi dela gogorarazi dute, Europako beste herrialdeetatik heldutakoena alegia: «Espainiako kostaldetik sartzen ez direnei ez diete hemengo bitartekoak erabiltzen uzten». Hala, oraindik ere lagun askok gaua kalean pasa behar izaten dutela diote, amorruz. «Orokorrean, denak lehen gauean muga pasatzen saiatzen dira, baina lortzen ez badute, lo egiteko alternatiba bat eskaintzen diegu», azaldu du sareko Josune Mendigutxiak.
Iazko udaran Irungo Harrera Sarea sortu zenetik, migratzaileen fluxua jaisten joan dela azaldu dute sareko kideek, baina, egunero norbait iristen dela dio Ocak, bereziki asteburuetan. «Azken urtean etorrera etengabekoa izan da, ez dira zenbaki oso altuak, baina etengabe iristen dira». Bada, sareak berak dituen datuei erreparatuta, 2019an sareko gautxoriek 1.510 lagun gerturatu dituzte aterpetxeetara, 1.424 laguni eman diete arropa, eta 1.796 migratzaileri egin diete harrera San Juan plazan.
Zentro berrian lo egiteko baldintzak betetzen dituztenek gunea aurkitzeko zailtasun ugari dituztela salatu du sareak. «Urrun dago zentroa, ezkutatuta. Guri ere kostatu zitzaigun aurkitzea. Pentsa sekula hiria zapaldu ez duen batek gauez hori aurkitu behar duela, erokeria da». Horregatik diote gautxorien presentzia are eta beharrezkoagoa bilakatu dela azken hilabetean, bide hori erakusteko. Gainera, udalak bidea seinaleztatzeko konpromisoa hartu arren, oraindik pausurik eman ez izana salatu dute. «Haiek ez dute seinaleztatuko, hortaz, guk geuk egin beharko dugu», dio Mendigutxiak.
Gaua pasatzeko zailtasunez gain, migratzaileek oztopo gehiago aurkitzen dituzte Irunen. Santiago zubia zeharkatzea handicup erraldoia bilakatu da azken urtean. «Kontrol arrazistek jarraitzen dute. Zuria ez den edozein gelditzen dute», dio, etsipenez, Ocak.
Lehen egunetik, eta oraindik ere, herritarrek emandako babesarekin oso pozik daude boluntarioak. «Nahiz eta albisteetan ez garen ateratzen, eta gai hau azkenaldian gehiegi agertu ez arren, jendeak ez du arazoa ahaztu, prest jarraitzen du laguntzeko», gehitu du, harro, Ocak. Hiritik igarotzen diren migratzaile guztien eskubideak bete bitarte kalean jarraitzeko asmoa du sareak. «Egoerak berdin jarraitzen badu, guk ere berdin lanean jarraituko dugu, ez gara hemendik mugituko», dio Mendigutxiak.
‘Aita Mari’, bidean
Errefuxiatu zein migratzaileen aldeko keinuak ez dira soilik Bidasoan ematen ari azkenaldian. Izan ere, igandean irten zen Aita Mari erreskate ontzia Pasaiako portutik, Mediterraneorako bidean. Joan den astean ateratzeko aurreikuspena izan arren, atzerapen ugari jasan ditu ontziak. Halere, jada zortzi tona arropa, oinetako eta janari bidean dira. Hamalau egun beharko ditu hara heltzeko, hortaz, azaroaren 2 edo 3an porturatuko da.