Irakurtzeko joerak aldatzeko
Irungo udal liburutegian herritarrek euskaraz irakurtzeko dituzten ohiturak eta joerak ikertzen ari dira Maialen eta Unai Oiartzun anai-arrebak, Loidi bekari esker.
Euskararekin zerikusi zuzena daukan beste ikerketa bat egiten ari dira Irunen, Jose Antonio Loidi bekari esker: herritarrek irakurtzeko dituzten hizkuntza ohiturak aztertu nahi dituzte Unai Oiartzun (Irun, 1992) eta Maialen Oiartzun (Irun, 1995) anai-arrebek. Azken bost urteotan Irungo udal liburutegian euskarazko liburuak irakurtzeko izan diren ohiturak eta joerak aztertzen ari dira Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian ikerketa lanean. Urte hasieran jaso zuten beka, eta urtebeteko epea daukate emaitzak aurkezteko; 9.000 euroko laguntza jaso zuten.
Txikitatik irakurtzeko zaletasuna izan dutela aitortu dute biek. Umetatik euskaraz irakurtzeko joera izan arren, egunerokoan gaztelaniak “pisu handiagoa” izan duela onartu dute anai-arrebek. “Geure buruari galdezka hasi ginen orduan. Zergatik? Eta geuri bakarrik gertatzen al zaigu hori?”. Galdera horiei erantzuteko premia sentitu zuten biek. Horrez gain, Siadeco enpresak egindako ikerketa baten emaitzak ere lan egitera bultzatu zituela azaldu du Unaik. Ikerketa horren arabera, euskaldunen %23k soilik irakurtzen dute euskaraz, eta %54k gaztelaniaz. Bada, datu horren atzean “hutsune bat, arrazoi bat” zegoela iritzita, buru-belarri lanean hasteko erabakia hartu zuten.
Ikerketa lana hiri osora zabaltzea zen hasierako asmoa, baina, zailtasunak tarteko, mugatu egin behar izan dute eremua. “Irungo kulturgune nagusian egitea erabaki genuen, azkenean; horixe iruditu zitzaigun egokiena”, azpimarratu du Unaik.
Bi atal nagusitan banatu dute ikerketa. Alde kuantitatiboa aztertu dute lehenik. Horretarako, goitik behera arakatu dituzte udal liburutegiaren beraren datuak. “Liburutegian zer dagoen, zer eskaintzen den, zein diren gehien irakurtzen diren liburuak, nork irakurtzen duen gehien… Irakurleen profilak atera ditugu datu horiek guztiak aintzat hartuta”, azaldu du Maialenek. “Euskarazko liburu gutxi daude liburutegian”; hori izan da, “tamalez”, lehen datu esanguratsua: “Liburuen %16 inguru dira euskarazkoak, eta irakurtzen den edo maileguan hartzen den guztiaren %17″. Eskaintza eta eskaria “nahiko doituta” daudela azaldu dute biek, baina, halere, adin tarte jakin batekoek kontsumitzen dituzten argitalpenak irakurtzen dira gehien: haurrei eta gazteei zuzendutakoak. Horiek dute arrakastarik handiena Irungo udal liburutegian; maileguen %84 dira. Are gehiago, jaso dituzten datuen arabera, azken urteotan txikienentzako bi ipuin bilduma irakurri dira gehien Irungo udal liburutegian.
Dagoeneko amaitu dute ikerketa lanaren alor kuantitaboa, eta kualitatiboa lantzen ari dira orain. Hori bai, bost elkarrizketa egin dituzte dagoeneko. “Ikuspuntua zabaldu nahi genuen; ez genuen gelditu nahi liburutegiaren barruko datuekin bakarrik; kanpoko eragileak ere aztertu nahi izan ditugu”, azaldu du Maialenek. Hala, Irungo euskal literaturaren sarea elikatzen duten kideekin ere bildu dira: irakurle talde batekin, norbanako batekin, argitaletxe batekin, Bronte liburu dendarekin, guraso batekin… Alor ugari aztertu nahi izan dituzte, eta, ikerketa biribiltzeko, urriaren 8an parte hartze saio bat egin zuten herritarrekin batera. Iradokizunak eta proposamenak jaso zituzten bertan, ikerketa lana ahalik eta gehien elikatzeko asmoz.
Lehen emaitzak “nahi baino eskasagoak” izan arren, “Euskal Herri osoko joeraren parean” daudela azaldu dute anai-arrebek. “Euskal Herrian ditugun gaitzak ez dira askoz larriagoak Irunen; oso antzekoa da joera”, adierazi du Maialenek.
Egoeraren “lehen argazkia”
Unai eta Maialen anai-arrebek ikerketan bildutako informazio guztiarekin, txosten bat entregatuko diote, abenduan, Irungo Udaleko Euskara eta Kultura Sailari. Hainbat proposamen bilduko dituzte bertan, baina, ikerlarien hitzetan, bereziki batek izango du garrantzi nabarmena: liburutegian euskarazko irakurzaletasuna sustatzeak. “Egungo egoeraren lehen argazkia atera dugu guk, eta lehen tresnak edo baliabideak jarri ditugu guztien eskura”, azaldu du Maialenek. Emaitzetatik harago, hartu beharreko lehen erabakia “euskarazko liburuei tokia egitea” dela nabarmendu dute biek: “Euskarazko literaturari, dagoenari behintzat, tokia egin behar zaio; ikusgarritasuna lortu behar da”.
Oiartzun anai-arrebak “oso pozik” daude egiten ari diren ikerketa lanarekin: “Praktikotasuna dauka ikerketak, erabilgarria izan baitaiteke informazioa”. Iritzi berekoa da Irungo Udaleko Euskara Saileko arduradun Monica Martinez ere: “Proposamenak aintzat hartzeko borondatea dugu”. Euskara arloko zuzendari Iban Eguzkitzak ere oso ontzat jo du ikerketa lana: “Bestelako ikerketa batzuetan ez da izaten horrelako aukerarik, baina, liburutegia Irungo Udalaren parte dela kontuan hartuta, aplikatzeko modukoak izango dira ondorioetako batzuk, ziur”.
Kazetaritza arloan aritzen da lanean Unai, eta hezkuntza arloan Maialen. Elkarrekin egiten ari diren lehen ikerketa izan da, eta “primeran” pasatzen ari direla aitortu dute. “Egia da sekula ez dugula lan egin elkarrekin, baina, hain zuzen ere, hori izan da ikerketaren gauza politenetako bat”, dio Unaik. Lehen esperientziari esker, tankera horretako ikerketa gehiago egitera animatu direla aitortu du Maialenek. “Ziur beste proiekturen bati helduko diogula; pozik, gainera”.