Amua bota dute dagoeneko
Musikaz harago, hamaika ikuspegi uztartuko ditu Amua jaialdiak, tartean, bideoklipak, film laburrak, irratsaioak... Horien artean, Iñigo Muguruzaren figura omentzea nahitaezko geldialdia dela nabarmendu dute.
Amua bota dutenerako argi zuten arrantzak emandakoa. Ernesto Toledo Amua Zine & Musika Festibaleko antolatzaileak eta Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kultur zinegotziak jaialdiaren berri eman dute gaur goizean. Bigarren urtean antolatzen duten hirugarren festibala izango da datorren hilaren 1ekoa eta 2koa, debalde, hondarribiar eta kanpoko herritarrei «irekia» eta musika kontzertuetatik harago joan nahi duena, «programa kultural oso bat» eskaini nahi duena, alegia.
Zuzeneko musika emanaldiak ez dira faltako, baina irratsaioak, disko azoka, musikarekin lotutako ikus-entzunezkoak eta abar luze batek osatuko dute zerrenda. Hala ere, Toledok nabarmendu nahi izan du 1980ko hamarkadako bideoklip maratoia, «lehen aldiz bideoklipak pantaila handian eta soinu ekipoarekin proiektatuko duen entitatea izango gara». Horrekin batera, Iñigo Muguruzaren omenez antolatutako tartea ere balioan jarri du, hala «merezi» duelako Irungo musikariak. Hori guztiaz gain, «euskara» eta «genero» ikuspegietan oreka mantentzen saiatu direla nabarmendu dute.
Amuak arrantzatutakoa
Datorren azaroaren 1ean, ostiralarekin, ekingo diote jaialdiari, arratsaldez, «Beñat Elzo lasterketarekin bat ez egiteko, protagonismo osoa merezi duela uste dugulako», adierazi du Toledok. Musikaren inguruko film laburretara gerturatzeko ahalegina egingo dute lehen egunean, eta hiru zinema festibal gonbidatu dituzte horretarako. Kimuak Euskadiko Filmategiko film laburren sekzioa batetik, Zinegoak Bilboko LGTB Film Festival-a bestetik, eta Ebrocorto (Burgos, Espainia) Ebrovision Short Film Music Festival azkenik. «Hiruetako zuzendariak etorriko dira, euren proiektuaren berri emango dute eta bizpahiru musika film labur proiektatuko dituzte», azaldu du Toledok.
Horrez gain, Radio 3 irrati kateko El septimo vicio saioko Javier Tolentinok zuzeneko irratsaioa eskainiko du. Mahai-ingurua egingo du Tolentinok hiru zuzendariekin musika film laburren egoera zein den mahai gaineratuz. Are gehiago, Tulsa taldeko abeslari Miren Iza hondarribiarrak zuzeneko akustikoa emango du programan zehar. Tolentinorekin hitzarmena sinatu duela urtero irratsaio bat jaialditik eman dezan ere jakitera eman du Toledok.
Bestalde, Hondarribiko taldeei eskainita egongo da Amua jaialdiaren bigarren eta azken eguna. Marmoka, Scooby Banda, Indidxabak eta The Arritmicks ariko dira oholtza gainean. Horrekin batera, bideoklip maratoia bitxikeri gisa nabarmendu nahi izan du antolatzaileak. Eta azkenik, disko azoka indartu nahi dutela-eta ostiralean zein larunbatean zehar irekita egongo da. Biniloak gazteengana gerturatzea izango da horren helburu nagusia.
Iñigo Muguruza gogoan
Bidasoko tankera honetako artista batek omenaldia merezi duela iritzi dio Toledok agerraldian: «ezinbestekoa zela uste dut». Irungo musikariaren ibilbidea, «haren anaiak egindakok bidea baino harago» nabarmentzea merezi du haren ustez. Hori dela eta, hilaren 2an, festibalaren bigarren egunean Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan abiatuta omenaldi bideo bat proiektatuko dute lehenbizi.
Indidxabak taldeko Ane Odriozolak Hiru Leike taldea sortu zuen Iñigo Muguruzarekin batera, eta beraz, haien bideoklip bat jartzea ere «polit» iruditu zaie. Omenaldiak aurrera egin ahala, Muguruzarekin lotutako abesti pare bat eskainiko ditu Indidxabak taldeak eta azkenik, musikari irundarra hizpide hartuta, haren inguruko solasaldia entzun ahal izango dute interesatuek. «Horrelako zerbait merezi zuela benetan uste dut», bukatu du Toledok.
Egitarau osoa Amua jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke.