'Ni Singular Naiz' egitasmoak kanpaina berezia egingo du Irunen, astebetez
'Singular Naiz' bereizgarria duten hiriko 11 dendetan erosten duten bezeroen fideltasuna saritu nahi dute kanpainarekin.
Irungo tokian tokiko merkataritzaren aldeko egitasmo berri bat aurkeztu dute gaur. “Gipuzkoako merkataritza bereiztea, profesionalizatzea eta modernizatzea”, helburu duen ‘Ni Singular Naiz’ kanpaina aurkeztu dute gaur udaletxean. Bertan, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko lehendakari Julen Maiz, udaleko ordezkari Juncal Eizaguirre eta Bidasoa eskubaloi taldeko enbaxadore Adrian Crowley eta Iñaki Cavero izan dira.
“Merkataritza da hirian presentzia handiena duen sektore ekonomikoetako bat. Udala urte hauetan hainbat ekimen bultzatzen ari da merkataritzaren jarduera dinamizatzeko, berrikuntzarako prestakuntzako programez eta zuzeneko laguntzez baliatuz. Ildo horretatik, kanpotik iristen diren proposamen guztiak ere ongi etorriak dira”, adierazi du Eizagirrek.
Bihar hasiko dute kanpaina, eta astebeteko iraupena izango du. Gipuzkoako 130 denda baino gehiagok dute Singular Denda bereizgarria eta horietako 11 Irungoak dira, eta bat Hondarribikoa. Hala, hiriko denda bakoitzak euren jarduna islatzen duen produktu edo zerbitzu bat aukeratu du. Elementu horiekin batera, argizko kutxa, ‘Ni Singular Naiz’ poltsa eta eskualdeko singular dendak jasotzen dituen gida bana jarriko dute ikusgai, bezeroen arreta deitzeko asmoz.
Erosleen fideltasuna saritu nahi dute kanpainarekin. Horregatik, Onda Vasca irratiko ‘Gipuzkoako Kale Nagusia’ programan, egunero, singular denden inguruko galderak egingo ditu Itziar Alduntzin kazetariak. Erantzun egokia ematen dutenek sari berezia jasoko dute. Hortaz, adi egon daitezela irundarrak, ondorengo dendaren baten aurretik pasatuz gero: Boutique Nekane, Auditek, la Bioteka, Zebra Store&Gallery, Box Calf, Akberto gizonezkoen moda, Orlegi produktu ekologikoak, La fabrica de Migas, Ogitxu Okindegia, Muebles Bidasoa eta Felix arraindegia. Hondarribiko Singular Denda aldiz, Conservas Hondarribia da.
Amaitzeko, pil-pilean dagoen Zaldunbordaren gaiaren inguruan mintzatu da Maiz: «Tokiko merkataritza defendatu behar dugu makro proiektuen aurrean. Zaldunbordakoa adibide garbia da. Espero dugu azkenean proiektuak argirik ez ikustea, koherentzia politikoagatik. Gainera, horrelako proiektuak daukagun hiri eta lurralde modeloaren kontra doaz».