Minbiziaren aurka aurrera egingo du Juantxo Garciak Donibane Lohizune-Hondarribian
Azken postuan atera eta aurreratzen duen leku kopuruaren arabera, minbiziaren aurkako ikerketarako diru laguntza emango dute zenbait enpresek.
Minbiziaren aurka aurrera eginez izeneko erronkari eutsiko dio Juantxo Garcia errioxarrak igandeko Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdian. Lasterketaren azken postuan ekingo dio korrikari Garciak eta helmugara iristen denerako, aurreratutako plaza kopuruaren araberako diru laguntza emango dute hainbat enpresek, minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko den laguntza izango da, hain zuzen ere.
Orain dela gutxi heldu zion errioxarrak erronkari eta momentura arte, Burgoseko eta Logroñoko (Espainia) zein Bilboko maratoi erdietan parte hartu du. Denera, 1.800 postutik gora aurreratzea lortu du korrikalariak hiru horietan.
Garciak 45 urte ditu eta kasik kirolik egin ez duen pertsona dela onartzen du. 2012. urtean hala ere, haren bizitza aldatu zuten gertakari pare bat bizi zituen eta ondorioz, bizitza «etengabeko ikasketa prozesu» gisa ulertu zuen. Harrezkeroztik, «etengabeko hobetze prozesu batean» bizi dela onartzen du. Hala ekin zion errioxarrak Minbiziaren aurka aurrera eginez erronkari.