Emakume musikariak ardatz hartuta, hitzordu bikoitza antolatu dute gazteek
Lou Olangua abeslariaren inguruko dokumentalaren proiekzioa eta Ana Garcia bakarlariaren emanaldia prestatu dituzte etzirako, gaztetxean.
Emakumeek sortutako musika doinuak nagusituko dira etzi, ostiralarekin, Hondarribiko Gaztetxean. LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian ikus-entzunezkoa proiektatutako dute batetik, eta Ane Garcia abeslariaren emanaldia antolatu dute, bestetik.
Lou Olanguaren inguruko dokumentalak abeslariaren ibilbidea ardatz gisa hartzen du. Euskal Herriko rockak emandako lehenetariko emakumea izan zen Olangua, eta haren ahotsa Humedecidos, Ok Korral edota Las lagartas taldeetan entzungai izan zen. Hala ere, ahotsa baino presentzia, jarrera edota poderioa erakusten zuen zarauztarrak oholtza gainean. «Apurtzailea», «probokatzailea» eta «erreferente gisa» izendatzen dute dokumentalean parte hartzen duten garaiko musikariek eta artistek.
1980ko hamarkadan Euskal Herriko agertokietan emakumeek betetako papera mahai-gaineratzeaz gain, euskaraz abesteak eta estetika zehatz bat jarraitzeak zuen garrantzia aztertzen du ikus-entzunezkoak. Aurtengo Dock Of The Bay festibalak Publikoaren Saria aitortu dio dokumentalari.
Bestalde, Ane Garcia musikari hondarribiarrak kontzertu akustikoa emango du gazteek kudeatutako gunean. Lurra taldean abeslari gisa aritu zen Garcia, Iñigo Muguruzarekin, Carlos Zubikoarekin eta Iban Larrebururekin batera.
Lehen hitzordua 19:30erako finkatu dute gazteek eta bigarrena, 21:00etarako. Gainera, emanaldia guztiz girotzeko pintxo-potea egingo dutela aurreratu dute gaztetxeko kideek.
Tailerra, bertan behera
Altsasuko gazteek jasotako azken epaia salatzeko helburuarekin Iruñean deitutako elkarretaratzera eta duintasunaren martxara joateko dei egin dute Hondarribiko Gaztetxeko kideek. Hori dela eta, larunbaterako antolatutako serigrafia tailerra bertan behera utzi dutela ohartarazi dute. Hori bai, aurrerago helduko diotela eta beraz, «lasai» egoteko adierazi diete interesatuei.