Zankaluze baten heriotzak Itsas Enara elkartearen kritikak eragin ditu
Hondarribian aurkitu zuten hegaztiak «merezi zuen arreta» jaso ez izanagatik hil zela salatu du taldeak; protokoloak huts egiten duela leporatu dio aldundiari.
Hondarribian aurkitutako zankaluze (Himantopus himantopus) bati aplikatutako protokoloak huts egin eta hegaztiaren heriotza eragin duela salatu du Itsas Enara Ornitologia Elkarteak ohar baten bidez. Animalia Interes Berezikoa bezala babestuta dago Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoaren barruan, taldeak azaldu duenez. Hala ere, «merezi zuen arreta» jaso ez izanagatik hil zela adierazi du elkarteak.
Norbanako batek aurkitu zuen animalia Hondarribian, eta haren egoera ikusita Irungo Plaiaundiko Ekoetxera eraman zuela azaldu du taldeak. Elkartearen arabera, bertako zaintzaileek Arrano Etxea errekuperazio gunera bideratu zuten bertan artatu zezaten hori baita protokoloa kasu hauetan.
Zankaluzea «berehala itzuli» zuen Arrano Etxeak «liberatzeko prest» zegoela argudiatuta. Hala eta guztiz ere, «ezin zuen ibili, uretara erortzen zen, eta ezin zuen mugimendurik egin, eta horrek guztiak itotzeko arriskuan jartzen zuen animalia». Bertan bildutako hainbat ornitologoen eta bisitarien begiradapean hegaztia askatzen saiatu ziren Ekoetxeako arduradunak, baina haren egoera fisikoa «penagarria» zela adierazi dute elkartekideek.
Hori horrela, albaitari pribatu bati hots egin zioten Ekoetxeako zaintzaileek. Zenbait mediku proba egin ondotik, «desnutrizioa eta muturreko nekea» zuela ohartarazi zuen albaitariak, baita «parasitosia» ere. Ekoetxeako langileek animalia zaintzen saiatu ziren arren, egun batzuen bueltan hil zen azkenean.
Aldundiari eskaera
Itsas Enara Ornitologia Elkarteak Arrano Etxean bizi den egoera leporatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari: «Etxe partikular bat da, irudika ditzakegun muga guztiekin, boluntarioen lanean oinarritzen dena eta 1980ko hamarkadatik berritu ez dena. Eta hori, errekuperazio gune ofizial gisa sinestarazi nahi digute». Are gehiago, animalientzako errekuperazio guneak ez du «albaitaritza arretarik» eskaintzen, elkarteak dioenez.
Egoera are «larriagoa» da, kontuan izanda Urnietan kokatutako Arizmendi eremuan eraiki zela arreta gune berria, «guztiz prestatua eta dagokion homologazioarekin», baina «ulergaitza» den arren, itxita jarraitzen duena. Honi guztiari «konponbidea» emateko galdegin dio elkarteak diputazioari eta «fauna basatia artatzeko arreta zerbitzua behingoz profesionalizatu eta normalizatu dezan» eskatu dio aldundiari.