Arma Plazan izango du helmuga Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketak
Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketaren ohiko ibilbidean hainbat doiketa egin behar izan dituzte Hendaian egiten ari diren lanengatik.
Igandean, Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdiaren 23. ekitaldia izango da. Maratoi erdia izenean bai, baina aurten pixkat luzeagoa izango da, 21,5 kilometrokoa. Izan ere, Hendaian egiten ari diren lanek eragina izan dute ohiko zirkuituan, eta horregatik ibilbidea eta luzera moldatu behar izan dituzte. Hortaz, 10:00etan hasiko da jada klasiko den lasterketa Donibane Lohizuneko Victor Hugo pasealekuan (kaian dago), eta Hondarribiko Arma Plazan, Kale Nagusia igota, bukatuko da: helmugan aldaketa dago, Zuloaga kalean izan beharrean, Arma Plazan izango baita.
3.000 korrikalari espero dituzte Hondarribia Kirol Taldea et Ur Joko antolatzaileek igandeko proban. Behobia-Donostia, nahiz urte bukaerako maratoiak prestatzeko ibilbide oso egokia da igandekoa, eta horri, bideak dituen gozamenezko parajeak erantsi behar zaizkio: Donibane Lohizune eta Hendaia arteko kostaldeko bidea, Hendaia eta Irun arteko zati urbanoa, eta amaieran, Hondarribiko Alde Zaharra.
Izena emateko epea urriaren 15ean bukatu bazen ere, oraindik bada aukera azken dortsalak hartzeko, 45 euroan. Jada izena emanda dutenek, Urruñako Interesport dendan edo Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan (ostiralean 19:00etatik 20:30ak arte; larunbatean 11:00-13:30 eta 15:00-18:00 ordutegian) jaso behar dituzte dortsalak.
Igandean, lasterketaren egunean, Hondarribitik Donibane Lohizuneko irteerara autobus zerbitzua egongo da: 07:30etik 08:30erako tartean aterako dira hainbat autobus. 14:00etatik aurrera, irteera puntura itzultzeko autobusa aterako da.