Erdi Aroko mokadutxo onena, Tatapas Gastrotekarena
Lehen saria jaso du Hondarribiko establezimenduko arduradunek diseinatutako 'Arkumea, ogia eta ardoa' sorkuntzak.
Taliska Victoria Rebuiten eta Adur Arrietaren Arkumea, ogia eta ardoa pintxoa gailendu da Erdi Aroko XII. Nazioarteko Pintxo eta Tapa Lehiaketan. Sorkuntza guztien artean, Hondarribiko ordezkariena onena dela erabaki du epaimahaiak. Kontent agertu dira Tatapas Gastrotekako arduradunak euren ibilbide profesionalean jasotako lehen errekonozimenduarekin, eta ostiralean HITZA-k argitaratutako elkarrizketan azaldutako helburuak bete dituztela onartu dute: ondo pasatzea batetik, eta lehen saria Hondarribira ekartzea, bestetik.
Parte hartzaileei, Erdi Aroko Hiribilduen Sareari eta harrera tabernari eskerrak ere eman nahi izan dizkiete Arrietak eta Rebuitek, eta jasotako tratua eta denek egindako lana nabarmendu dute. Hala, datorren urtean ere Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketan parte hartzeko asmoa dutela adierazi dute.
Erdi Aroko XII. Nazioarteko Pintxo eta Tapa Lehiaketa Lizarran (Nafarroa) egin dute asteburuan, Erdi Aroko Hiribilduen Sarearen eskutik. Euskal Herriko, Espainiako eta Portugalgo bederatzi lehiakidek parte hartu dute denera, udalerri ezberdinetako Erdi Aroko pintxo txapelketetako irabazleak, alegia. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak ere parte hartu du asteburuan Lizarran egindako ekitaldi eta jarduera ezberdinetan Hondarribiko ordezkariei sostengu osoa adieraziz.