Hobekuntza lanak egingo ditu aste honetan udalak
Santa Maria arkuaren eta fosoaren inguruko argiztapena hobetuko du batetik, eta zenbait zuhaitzen erretiratzea eta kimaketa, bestetik.
Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, hobekuntza lanak aurrera eramango ditu aste honetan zehar. Santa Maria arkuaren eta horren azpiko zuloaren inguruko harresien argiztapenean lanean ari direla adierazi du Juan Mari Altuna Zerbitzuetako zinegotziak. «Argiztapen ornamentala deitzen duguna indartzen ari gara, beti ere kontsumo baxuko argiekin», esan du. 37.000 euroko aurrekontua prestatu du tokiko gobernuak horretarako.
Bestalde, hilda dauden zenbait zuhaitz erretiratuko dituela ere zabaldu du udaleko zerbitzuetako departamentuak, baita kimaketa lanak egin ere. Alde Zaharra eta Sabino Arana artean, igogailuaren inguruan, ariko direla gaurkoan esan dute; bihar ordea, Donostia kalean eta etzi, espigoiaren inguruan.