Enach elkartearentzako fondoak bilduko ditu Beñat Elzoren omenezko lasterketak
Gehiegizko burni pilaketak eragindako neurona-degenerazioarekin lotutako BPAN gaixotasun arraroa ikertzera bideratuko dute aurtengo lasterketan bildutako dirua.
Gaixotasun arraroak jomugan ditu Beñat Elzo hondarribiarraren omenez antolatutako lasterketak, eta aurten ere, hala izango dela baieztatu dute antotzaileek. Gehiegizko burni pilaketak eragindako neurona-degenerazioarekin (Enach gaztelaniazko sigletan) lotutako eritasunen artean, BPAN izenekoa ikertzeko diru-bilketa egingo du Beñat Elzo VI. Mendi Lasterketa solidarioak. Gaixotasun arraro gisa izendatuta dagoen arren, gertu-gertutik jo du Hondarribia, estatu osoan detektatutako sei kasuetatik batek Zuriñe Malvido hondarribiarraren alabari eragin baitio.
Eskertuta agertu da Malvido antolatzaileekin, udalarekin, eta lasterketan oro har parte hartu behar duen edozeinekin. Lau urte ditu haren alabak, eta egin dezaketen gauzarik onena gaixotasuna ikertzea dela uste du. Beñat Elzo lasterketaz gain, azaroaren erdialdean bazkari solidarioa egingo dutela Klink elkartean aurreratu du. “Egiten duten guztiaz gain, nola egiten duten” baloratzen duela onartu du: “Erabateko errespetuarekin, sentsibilitate handiarekin eta gizatasun handiz”.
Hori horrela, urtero bezala, azaroaren 1ean egingo dute gazte hondarribiarraren omenez antolatutako lasterketa. Maria Jesus Chantre antolaketa taldeko kideak, adierazi duenez, hiru modalitate izango ditu aurten ere lasterketak: martxa, mendi lasterketa eta familientzako lasterketa. Mendi martxa goizeko 09:00etan aterako da, lasterketa 11:00etan, eta familia artekoa 12:30ean.
Irteera eta helmuga kirol kaian egongo dira. Martxak Higer farolarako bidea hartuko du eta ondoren Talaiarantz abiatuko da 10 kilometroko ibilbidea osatuz. Lasterketak ere bide bera egingo du, baina hondartzaren ingurutik igaroko dira farolarako bidea hartu aurretik, eta beraz, 10 kilometro eta 700 metro egingo dituzte korrikalariek denera. Familiei zuzendutako jarduera hondartzaren inguruan zehaztutako bidea egitean datza, eta kasu honetan, adin guztietako lagunei bideratuta dago. Modalitate guztiak ikusita, parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Lasterketan izena emateko aukera Kirolprobak plataformaren bitartez dago. Gainontzeko jardueretan parte hartzeko, ordea, ondoko lekuetan egin beharko da: Done Pedro Kofradian Hondarribian; Leyre Sport kirol dendan Irunen, eta Herriko Etxean Hendaian. Mendi lasterketan izan ezik, egunean bertan ere izena eman ahal izango dute parte hartzaileek, kirol kaian.