Uda Jolas programan plaza kopuru mugaturik ez egotea aldarrikatu du Abotsanitzek
Plataformaren ustetan, "hezkuntza eskubidea duten bezala" udaleku publikoetan parte hartzeko eskaera guztiak onartu beharko lirateke, "inolako zozketarik gabe".
Hondarribiko ume guztiek plaza kopuru mugaturik gabe Uda Jolas programan parte hartu ahal izatea “exijitu du” Abotsanitzek, eta hilaren 10eko Bozeramaileen Udal Batzordean erregitratu zuen eskaera. “Hezkuntza publikorako eskubidea duten bezala, udaleku publikoetan izena eman nahi duten haur guztien eskaerak” onartu beharko lituzke udalak, “inongo zozketarik gabe”.
Eskaintza 200 plazetara mugatuta dagoela kritikatu du plataformak, eta egoera ikusita, guraso askok programa pribatuetara jotzen dutela azaldu du. Horren ondorioz, “zozketa egin eta gero, asko dira Uda Jolas programari uko egiten diete dagoeneko izena emanda dutelako beste udalekuetan”, dio Abotsanitzek.
Udal gobernuak plaza kopurua eskaintzeko arrazoia “toki falta” dela arbuiatu du taldeak: “Gezurra da, eskola bakarra erabiltzen baita, eta gezurra da zaila dela azken unean begirale kopurua zehaztea”. Hori horrela, Oiartzungo adibidea mahaigaineratu du plataformak: “501 haurrek parte hartu zuten udaleku irekietan eta 53 hezitzaile arduratu ziren beraietaz”.
Eskaera denborarekin aurkeztu du plataformak onartzeko diren aurrekontuetan isla izan dezan. Izan ere, udal gobernuak eskera “aurrekontuetan jasota ez zegoela” argudiatu baitu, plataformak adierazi duenez.