Mimoz emandako puntada arrosak
Hondarribiko II. Farfailarien Topaketa antolatu du Emeki elkarteak etzirako. Berezia izango da aurtengo topaketa, Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunaren inguruko ekitaldietara batu eta euren ekarpena egingo dutelako.
Hondarribiko II. Farfailarien Topaketa antolatu du Emeki elkarteak etzirako, igandearekin. Bi aldiz berezia izango da aurtengo ekitaldia: berezia batetik, egiten duten lan handiarengatik, eta berezia bestetik, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jarduerekin bat egingo duelako topaketak.
Farfailak, parpailak, ehoziri-lanak, enkajeak edo bolillo izenez ezaguna da topaketaren ardatz den josteko teknika. Eta dirudienez, ez da nolanahiko teknika gainera,«oso nekeza» baita. Hala aitortu du Kontxi Galardi Emekiko kideak, «logika handiko lana da, baina oso nekeza ere bai». Hilabetetako jarduna behar da parpaila puska bat bukatzeko, «mukizapi bat egiteko ordu asko behar dira». Lortutako emaitzen artean, «zapiak, ligak,orri-markatzaileak, mantalentzako eta toallentzako parpailak…» daudela esplikatu du.
Egurrezko pieza bat erabiltzen da farfailak egiteko oinarri gisa, eta horren gainean, plantilla bat jartzen da. Haria batetik bestera pasatzean datza ehoziri-lanak. Poliki eta mimoz egitea eskatzen du, baina ia edozer gauza apain daiteke teknika horrekin. Hori dela eta, norberak «gustuko duena edo momentuan nahi duena» egitea da helburua.
Planeatu gabeko topaketa
2017-2018 ikasturterako aurkitu zuen lehenbizikoz Emeki elkarteak farfail irakaslea. Ikastaroa bukatuta topaketa egin zezaketela komentatu zien irakasleak elkartekideei, eta hala egin zuten. Gustuko zutela ikusita, aurten, Hondarribiko II. Farfailarien Topaketari heltzea erabaki zuten.
Iazko ekitaldiarekin alderatuta, zertxobait hazi da aurten parte-hartzea, eta 170 ehoziri-langile baino gehiagoren partaidetza espero dute. 20 herritik gora ordezkatuko dituzte etziko topaketan, tartean, Bilbo, Oiartzun, Donostia, Zarautz, Logroño… Gipuzkoako, Bizkaiko eta Errioxako ordezkaritza izango du, beraz, topaketak.
Etzi, igandearekin, goizeko 10:30ean hasiera emango diote hitzorduari. Damarri plazan egitekoa zen topaketa, euria iragarrita dagoenez Soroetako frontoira lekualdatuko dute. Bertan kokatutako mahaien inguruan elkartuko dira farfailariak, eta haria alde batetik bestera eramango dute 13:30era bitartean. Bakoitzak nahi duen pieza eraman ahal izango du hitzordura, eta horretan lanean jarraitu. Lanean ari diren bitartean eta goiza atseginagoa egiteko xedearekin, hamaiketakoa hartzeko tartea hartuko dute. Ogitarteko txiki bat eta botila bat ur banatuko dituzte partaide guztien artean, «baita oparitxo bat ere», adierazi du Galardik. Hala eta guztiz ere, elkartekideak ez du aurreratu nahi izan zertan datzan «oparitxo» horrek. Beraz, etzira arte itxoin beharko dute interesdunek zer izango ote den jakiteko.
Aipatutako guztiaz gain, elkartekideak azaldu duenez, Emeki eta Hondarribia hitzak dituzten zapiak ere prestatu dituzte egun horretarako. Zapi horien ertza, nola ez, Hondarribia ordezkatzen duen kolore berdearekin apaindu dute.
Egitarauaren barruan aurreikusi bezala, erakusketa ere abiatuko dute emakumeek elkartearen egoitzan bertan, goizean zehar. Haiek farfailak egiten dituzten bitartean ikusgai egongo da erakusketa, Molla kaleko lehen zenbakian, Puntaleko eskola zaharrean. Urte osoan zehar egindako parpailak izango dira bertan bilduko dituztenak, «hilabetetako lana», alegia. Gaur arratsaldean eta bihar artean prestatu beharko dutela erakusketa aurreratu du Galardik, «lan handia» baita guztia ordenatzea eta bertan ikusgai jartzea haren ustetan.
Aurtengo topaketari amaiera ezin hobea emateko, bazkaria antolatu dute Emekikoek parte-hartzaileekin inguruko jatetxe batean. Hitzorduari bukaerako puntua jartzeko modua izango da hori. Hala ere, gogorarazi dute aldez aurretik bazkarian izena ematea gomendagarria dela.
Arrosak beteko du plaza
Parpail berdea izango duten zapiez gain, beste kolore bat nagusituko da etziko topaketan. Biharko Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi izan dute Emekiko kideek, eta beraz, kolore arrosa nagusitzea aurreikusi dute. Ildo horretan, aurretik aipatutako «oparitxoek», partaideen artean banatzekoak direnak, begizta arrosa eramango dute; baina ez hori bakarrik.
Izan ere, bereziak izango dira Emekiko kideek banatuko dituzten xingolak farfailak apainduta egongo baitira. Esandakoaren arabera, horiek ez dira soilik opariekin batera emango, handik igarotzen den pertsona orori banatuko zaizkie, goiz osoan zehar.
Euren ekarpena egin nahi izan dute elkarteko kideek emakumeentzako hain berezia den egunean. Are gehiago, xingola arrosa zintzilikatu zuten asteazkenean nazioarteko deialdiarekin bat eginez, eta nola ez, egitarauaren aurkezpenean parte hartu zuten. Aurtengo farfailarien topaketa egun berezia izango da, eta ez da ohiko berde kolorekoa izango. Behingoagatik bada ere, kolore arrosak beteko du plaza.