Hondarribian ere Kataluniaren aldeko keinuak ugaritzen ari dira
Kasino Zaharreko lorategietatik pankarta zintzilikatu du gehiengo sindikalak, eta udaletxeko balkoian aldiz, estelada ikus daiteke.
Kataluniarekin elkartasuna adierazten duten keinuak ugaritzen ari dira azken egunotan Euskal Herrian zein Bidasoan. Buruzagi independentisten aurkako zigorra ezagutu bezain pronto hasi ziren mobilizazioak, eta gaur, Katalunian deitutako greba orokorrarekin bat eginez, hainbat izan dira herrialdearen aldeko keinuak.
Hondarribian esaterako, Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna zioen pankarta irakur zitekeen Kasino Zaharreko lorategietatik zintzilik. Gehiengo sindikalak (ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta HIRU) egindako keinua izan da, eta elkarretaratzerik egin ez bada ere, gaiarekiko jarrera argi utzi nahi izan dute sindikatuek.
Hondarribiko udaletxean aldiz, estelada zintzilikatu dute EH Bilduk hala proposatuta, eta EAJren eta Abotsanitzen aldeko iritziarekin. PSE-EEren udal taldeak ez du proposamenarekin adostasunik agertu.
“Udalak bere egiten du EH Bilduren eta EAJren bozkekin asteazkenean Batzar Nagusietan aurrera atera zen adierazpena”, esan du tokiko gobernuak argitara emandako oharrean. “Kataluniako preso politikoak berehala kaleratzea, eta era berean, erbesteratu politikoei irekitako prozesu judizialak bertan behera uztea” exijitu du udalak bere egindako testuaren bitartez.
Galdeketak “tresna demokratiko” gisa defendatzen ditu idatziak eta dagoeneko “Kataluniari eta Euskal Herriari bere etorkizunaren inguruan erabakitzea” egokitu zaiola gaineratzen du.