Uholdeak prebenitzeko lanen lehen faseari hasiera eman diote
Jaizkibel mendiaren ekialdetik datozen euri-urak jasotzean datza proiektua, Higer Bidearen inguruetan uholdeak eman ez daitezen.
Higer Bidea eta Iterlimen eremuan uholdeak prebenitzeko lanei hasiera eman diete aste honetan. Jaizkibel mendiko ekialdeko ezpondan gauzatuko dituzte lanak eta euri-urak jasotzea eta desbideratzea izango dute helburu lanek.
Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk eta Txingudiko Zerbitzuak-eko Leire Zubiturrek egin dute aste honetan proiektuaren aurkezpena. «Lehentasunezko lana» dela adierazi zuen Sagarzazuk agerraldian, eta azaldutakoaren arabera, farolaren euri-uren hodi-biltzailea eraikiko dute, euri-ur horiek bildu eta Arrokako biribilgunean eraiki den hustuketa galeriaraino desbideratuak izan daitezen.
Eremu horretan ematen diren «uholdeen arazoa arintzea eta Higer Bideko euri urak husteko baliabide faltari irtenbidea aurkitzea da» Sagarzazuren hitzetan proiektuaren azken xedea. Izan ere, 11.000 litro segundoko emaria izatera iritsi da eremu hori. Ondorioz, «emari horren parte handi bat Higer Bidera eta Arrokako biribilguneko azken zatira lurrazaletik jaisten da edo zuzenean Iterlimen urbanizaziora jauzi egiten da».
Lehen faserako aurrekontua 2,3 milioi eurokoa da; %42,5 URA Uraren Euskal Agentziak eta %57,5 Txinzerrek finantzatuko dute. Drainatzeko lanak osatzeko saneamendu eta uraren banaketa sareak ere berrituko dituzte. Guztia hala ere, fase ezberdinetan garatzen joango dela ohartarazi dute.
Hamalau hilabeteko iraupena izango dute obrek, eta iraun bitartean, zirkulazioak zenbait aldaketa jasango dituela adierazi dute bi ordezkariek.