Minbiziaren aurka indarrak batu dituzte AECC Gipuzkoak eta Bidasoak
Igandeko sarreren zati bat AECC Gipuzkoak jasoko du, ikerketa onkologikoetara bideratzeko.
AECC Gipuzkoak eta CD Bidasoa eskubaloi taldeak elkarlanerako hitzarmena sinatu berri dute. Minbiziaren aurkako elkarteak urte osoan abian jartzen dituen kanpainak babestu eta hedatzeko konpromisoa hartu du taldeak. Gainera, datorren igandeko (hilak 20) partidan (Savehof taldearen aurka) bildutako diruaren zati bat emateko konpromisoa hartu du taldeko presidente Gurutz Aginagaldek.
Sarrera bakoitzeko 20 eurotik 5 AECC Gipuzkoak jasoko du, ikerketa onkologikoko proiektua babesteko. “Azken urteotan, Bidasoak hamaika ekintza sozialetan parte hartu du eta akordio hau gauzatzeko aukera sortu zenetik, itxi behar genuela ulertu genuen”, adierazi du Aginagaldek.
Era berean, igandeko Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, elkarteko boluntarioek partida hasieran, begizta, eranskailu eta eskumuturreko arrosak banatuko dituzte sarreran. Taldeko maskotak ere zapi arrosa eramango du.