Udal gobernuaren kirol politiketan "gabeziak" ikusi ditu EAJ-k
Gobernu sozialistaren politikak salatzeaz gain, "hiriaren beharrak konpontzen lagundu dezaketen" proposamen ugari ezagutarazi dituzte.
Irungo EAJ taldeko bozeramaile Xabier Iridoy eta zinegotzi Iosu Iguiñizek, egungo udal gobernuak martxan jarri dituen kirol politiken inguruan duten iritzia plazaratzeko agerraldia eskaini dute gaur. Era berean, “hirian identifikatuta dauden beharrak konpontzen lagundu lezaketen” proposamenak jakinarazi dituzte.
Lehenik, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PP taldeen babesari esker, 6 milioi euro baino gehiagoko kreditu aldaketa aurrera atera zutela gogoratu dute jeltzaleek. “Deigarria” iruditu zaie, proposamen horretan kirol instalazioak hobetzera bideratutako zuzenketak “oso eskasak” izan direla. 6 milioi horiez gain, datozen hiru urteetarako 11 milioi euro hitzeman dituztela salatu dute, datozen urteak “guztiz hipotekatuz”.
EAJ taldeak San Martzial Txingudiko zein Txenperenea eremuko ikerketa eta moldaketak gauzatzeko 5.000 eta 100.000 euroko zuzenketa aurkeztu zuela nabarmendu dute. “Proiektu horiek bizkortzen lagunduko duten aurrera pausoak eman behar dira, bai edo bai”, dio Iridoyk. Beste behin, Plaiaundiko instalazioak aldatzeko asmorik ez izana leporatu diote gobernu sozialistari.
Proposamen zehatzak
Kirol politikei bira emateko asmoz, 2020ko aurrekontu proiekturako kirolari zuzendutako hainbat proposamen landu dituztela jakinarazi dute gaurko agerraldian: kiroletako erabilera anitzeko jokalekua begiesten duen San Miguel-Anaka auzorako kirol instalazio berria sortzea, Oinaurren kirol eremu bat eraikitzea, Kateako instalazioak estaltzea eta baita ere Txingudiko tenis kantxak estaltzea.
Amaitzeko, talde guztiekin hitz egingo duela zehaztu du Iridoyk. “Proposatu, entzun, hitz egin eta adostu, hau da beti jarraitu dugun bidea eta hala egiten jarraituko dugu hemendik aurrera ere”.