Hiztunen jokabidean eragiteko TELP ikastaroa antolatu du Blaganek
Euskaraz bizi nahi duten herritarrei zuzenduta dago tailerra, eta egunerokoan eroso sentitzeko baliabideak lantzea du helburu.
Euskaraz hitz egiteari lotutako erosotasun falta murrizteko helburuarekin, TELP ikastaroa antolatu du Blagan Euskara Elkarteak azarorako. Euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarrei bideratuta dago: «asertziozko hizkuntza jokabidea» garatuz, baliabide «egokiak lantzea» eta horietan «sakontzea» du xede ikastaroak.
Hiztunen jokabidean eragitea bilatzen du tailerrak eguneroko egoeren aurrean «eroso» senti dadin. Antolatzaileen arabera, hainbatetan gertatzen da elkarrizketa euskaraz hasi eta gaztelaniaz bukatzea edo ezezagun bati badaezpada gaztelaniaz egitea. «Zergatik egiten dugun ulertzeko» eta «deserosotasunik ez sentitzeko» baliagarria dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Metodologia parte-hartzailea izango du ikastaroak, lau saioetan banatuta eta hamar orduko iraupenarekin. Izen-emate epea hilaren 31ra arte zabalik egongo da, baina hogei lagunera mugatu dute partaide kopurua. Izena emateko interesa duten lagunek posta elektroniko bidez egin dezakete.