Goranzko joera mantendu du aireportuak
%12,9 hazi da bidaiari kopurua eta 32.273 erabiltzaile igaro dira denera Hondarribiko terminaletik.
Iraileko bidaiarien datuak argitara eman ditu gaur goizean AENAk, eta aurreko hilabeteetan egin bezala, aireportuaren goranzko joera mantendu dela baieztatu du agentziak. Zabaldutako informazioaren arabera, %12,9 hazi da erabiltzaile kopurua irailean, 32.273 bidaiari bertako terminalera erakarriz.
Datuak, oro har, positiboak dira: urtarriletik irailera bitartean 242.462 bidaiarik erabili dute Gipuzkoako azpiegitura. Iazko datuekin alderatuz gero, %9,2 hazkundea da hori.
Lurreratzeko eta aireratzeko operazioei dagokienez, %2 gora egin dute irailera arte. 5.130 operazio, guztira. Soilik irailean 729 irteera eta iritsiera eman dira terminalean, iazko irailean baino %9,5 gehiago.