Xingola arrosak non-nahi
Bularreko minbiziaren gaineko kontzientziazioa pizten saiatuko dira asteburuan gaixotasunaren aurkako nazioarteko egunarekin bat eginez.
Xingola arrosa zintzilikatu dute gaur goizean Kasino Zaharreko balkoitik Hondarribiko Udaleko eta elkarte ezberdinetako ordezkariek komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Urriaren 19an izango den Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunaren inguruko ekitaldiei hasiera emateaz gain, egitarauaren aurkezpena egin dute era honetan.
Bertan bildutako ordezkariak izan dira, besteak beste: Mari Carmen Gomez eta Gema Landetxe Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak, Jesus Mari Guerra Nagusilaneko boluntarioa, Kontxi Galardi Emeki elkartekoa eta Gotzone Larrrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia. Bularreko eta ginekologiako minbiziarengatik kaltetutako emakumeen Katxalin elkartekoek bat egin dute ekitaldiekin, nahiz eta ezin izan diren aurkezpenera hurbildu.
«Bularreko minbiziaren intzidentzia bigarren lekuan dago Espainian, prostata-minbiziaren aurretik», adierazi du Larrartek. Helarazitako datuen arabera, 2012. urtean 25.215 kasu berri izan ziren bitartean, 2018an 32.825 detektatu ziren denera. Denbora tarte horretan «%30 hazi dela» kasu kopurua ohartarazi du zinegotziak. Emakumeek «gogorren jotzen duen gaitza» dela gogora ekarri du, nahiz eta «gizonen %8ari ere eragiten dion».
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkiote udalari «jarduera guztiak koordinatzeagatik», esan du Landetxek. Ostiraleko Tipi-tapan parte hartuko dutela ere adierazi du kideak, «zapi arrosak jantzita noski». Izan ere, ostiral honetako tipi-tapa «berezia» izango dela iragarri du Guerrak: «Hemen Kasino Zaharrean bukatuko dugu ibilaldia eta etortzen den jendearentzako saldatxo bat prestatuko dugu».
Emekiko kideek bere aldetik, Hondarribiko II. Farfailarien Topaketarekin bat eginez enkajezko begizta arrosak egin dituzte eta igande goizean zehar Zumardian banatuko dituztela aurreratu du Galardik.
EGITARAUA
- Gaur, hilak 15: Xingola arrosen zintzilikatzea Kasino Zaharrean eta Emeki elkartearen egoitzan.
- Ostirala, hilak 18: Tipi-tapa ibilaldi berezia Itsas Etxetik abiatuta Kasino Zaharreraino, 11:00etan. Ondoren, salda banatuko da parte hartzaileen artean.
- Larunbata, hilak 19: Denok elkarrekin bular minbiziaren kontra lelopean mahai informatiboa eta kontzientzia pizteko gunea jarriko dute San Pedro kalean, Azeri elkartearen parean. Begizta arrosak eta mezuak uzteko ohol interaktiboa ere egongo da bertan. Eskuak margotuz hori apaintzea eta mezu positiboak uztea da helburua.
- Igandea, hilak 20: Emekiko kideek egindako xingola arrosen banaketa Zumardian.