Bidasoko turismoa dinamizatzeko inkesta bat egingo du Bidasoa Bizirik-ek
"Eskualdea helmuga turistiko bikaina, adimentsua eta eraginkorra izateko" helburua duen dinamizazio plan bat garatu nahi dute.
Bidasoa Bizirk-ek, Irun eta Hondarribiko Udalen laguntzarekin, Turismoaren Dinamizazio Plan bat garatzen ari da. “Eskualdea helmuga turistiko bikaina, adimentsua eta eraginkorra izateko egoera hobetzeko” helburua du planak.
Orain, partehartzailea izan nahi duen diagnostiko fase batean daudela jakinarazi dute gaur. Herritarren aldetik informazioa jaso nahi dute. Eta horretarako, sektore turistikoko eragileez gain, herritarrei zuzendutako inkesta bat jarri dute eskuragarri lotura honetan. Inkestarekin, eskualdeko herritarren iritziak, kezkak eta proposamenak jaso nahi dituzte.
“Hiriaren egoera turistikoaren inguruan hiritarrek zer pentsatzen duten ezagutu nahi dugu. Izan ere, hiritarrak oso zati garrantzitsua dira sektore honen etorkizunean”, adierazi du Bidasoa Bizirik-eko presidente Miguel Angel Paezek.
Bost galderez osatutako inkesta izango da, eta bihartik (hilaren 16a) hilaren 24ra (osteguna) erantzuteko aukera izango da.