Klara Olazabal: «Munduko onenekin lehiatzea izan da nire betiko ametsa»
Klara Olazabal irundarrarekin ere bildu da HITZA, Munduko Txapelketan lortutakoaz eta etorkizuneko erronka eta ametsez hitz egiteko.
Aurtengo Slalomeko Munduko Txapelketa mugarria izan da Santiagotarrak elkartearentzat. Hiru kirolarik euren ibilbide profesionaleko emaitzarik onenak eskuratu berri dituzte Seu D´Urgellen. Beste behin, munduko onenen parean lehiatzeko prest direla erakutsi dute Ander Elosegik, Klara Olazabalek eta Joan Crespok.
Norbanako zein taldekako lehian primeran aritu ziren hirurak. Patruiletan heldu zen irundarren lehen erakustaldia. Crespok urrezkoa eskuratu zuen K1ean, eta Elosegik eta Olazabalek zilarrezkoa C1ean. Norbanakoen lehian, aldiz, Elosegi izan zen trebeena. Munduko txapeldunorde titulua eskuratu zuen irundarrak. Urte luzez podiumera igo gabe geratu ostean, aurtengoan lortu du. Finalera iritsita, Tokioko Olinpiar Jokoetarako postua ziurtatu du Elosegik, beraz, laugarrenez hartuko du parte horietan.
Crespo ere domina birekin bueltatu zen hirira; brontzezko domina eskuratu zuen norbanakoan. Olazabalek, soilik 21 urterekin, munduko bosgarren sailkatzea lortu du, emaitza ikaragarri eta historikoa gazte irundarrarentzako ere.
Harrobi indartsua
Urte luzez hirukotearen —eta bereziki Elosegi eta Olazabalen— entrenatzaile gisa aritutako Xabier Taberna oso harro dago hirukoteak lortutakoarekin. «Oso ongi ikusi ditut hirurak. Gurea bezalako klub batentzat munduko bost onenen artean hiru kirolari izatea ikaragarria da. Oso-oso pozik gaude». Dominak klubean aspalditik ereindakoaren fruitua izan direla aitortu du: «Txikitatik haurrekin lan oso garrantzitsua egiten dute, harrobi indartsua lortu dute. Zorionez aspaldi lortu zuen klubak Irungo kirol agendan txoko bat egitea».
ELKARRIZKETA:
Orain arteko emaitzarik onena eskuratu duzu Seun. Pozik lortutakoarekin?
Bai, oraindik lortutakoa asimilatzen ari naiz. Azkenean egun horiek oso azkar pasa ziren eta oso intentsoak izan ziren, bai jende aldetik, emaitza aldetik, baita emozio aldetik ere. Baina orain arteko nire emaitzarik onena izan da maila absolutuan, eta oso pozik nago. Azkenean denboraldi honetan landutako gauza guztien isla da, eta azkenean, ez da beti horrela gertatzen. Ez da beti lan egin eta emaitza atera, ez. Aprobetxatu behar da horrela suertatu dela. Orain gozatzeko unea da.
21 urterekin, munduko onenekin lehiatzea lortu duzu. Noizbait honaino iritsiko zinela pentsatu zenuen?
Nire ametsa beti hori izan da, onenekin lehiatzea, eta beti izan ditut erreferente pila bat kirol honetan. Oso momentu berezia izan da azken urteotan Anderrekin [Elosegi] eta Joanekin [Crespo] bizitakoa. Emaitza hauek haiekin partekatzea are intentsoagoa izan da. Amets bat izan da, bai domina eskuratzea, baina baita nire erreferentzia izan diren kirolari horiekin partekatzea ere.
Are gehiago. Jada Europako Txapelketetan hiru domina eta mundukoan bat irabazi dituzu.
Azken urteotan hobekuntza nabaria izan dut, apustu txiki batzuk egin ditut. Esaterako, Pauera [Frantzia] gehiagotan joaten hasi naiz, eta aurten Seu-ra mugitu naiz, han apartamentu bat hartu dut nire anaiarekin. Nire asmoa zen kanala ahal den gehien ezagutzea, mundialari aurre egiteko. Azkenean kalitate pauso hori ematen saiatu naiz. Orain arte taldekako kategorian lortu arren, bakarkakoan ez nuen lortu sendo izatea. Apustu txiki horrek baimendu dit konfiantza nahiko maila altua mantentzea, eta hala, final horietan txanda nahiko zuzenak egitea ahalbidetu didate.
Gainera, oraindik Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko aukerak dituzu. Hurrengo helburua ote?
Bai. Duela urtebete lotsa dezente ematen zidan esatea hori zela ametsa, eta saiatuko nintzela lehiatzen horretarako. Banuen nire buruan, baina ez nuen gehiegi azaleratzen. Urte osoan zehar selekzio proba ugari izan ditugu eta nahiko intentsoa izan da. Horretan gehiegi ez pentsatzen saiatu naiz, ea zer ematen zuen egindako lanak. Munduko Txapelketara oraindik aukerekin iritsi nintzen, baina emaitzaren arabera erabakitzen zen. Eta emaitza honek baimendu dit sailkatzeko aukerak izatea. Oraindik ez dakigu nola joango diren selekzio probak, beraz, ez dakit oso ongi nola aurre egingo diodan erronka honi. Argi dago nire eskuetan dagoen guztia emango dudala paper on bat egiteko.
Bestela, etorkizunari begira, zein da kirolari bezala duzun ametsik handiena?
Nik uste, edozein kirolarik pentsatuko lukeen bezala, domina horiek izango liratekeela ametsik handiena, baina azkenean Olinpiar Jokoak oso handiak dira, eta azkenean prestigio handia dute; argi dago zerbait oso handia izango litzakeela. Baina munduko zein Europako txapelketetan domina horiek lortzea ere ametsa izan da.
Senideen aldetik omen datorkizu piraguismoarekiko miresmen hori, ezta?
Bai, hala da. Aita piraguista izan zen, nazioarteko taldean egondakoa da. Berak transmititu zigun urarekiko eta kirolarekiko maitasun hori. Telmo nire anaiari ere jarraituz honetan sartu nintzen, hark ere bultzatu ninduen. Hasieran aktibitate nagusia ez zen arren, nire egunerokotasunean indar asko hartu zuen kirolak pixkanaka. Poliki-poliki motibatzen joaten zara. Gogoan dut nire gurasoek askotan esan didatela oso gaztetan hartu nuela nire lehen arrauna, haurra nintzenean. Beraiek diotenez, biberoia paseoko piraguetan ere hartzen nuen [barrez]. Halere, ez dut gogoan, ez nuke jakingo esaten noiz hasi nintzen mundu honetan lehen pausuak ematen.