Joan Crespo: «Aspalditik espero nituen domina hauek; ase eginda geratu naiz»
Munduko Txapelketan bi domina irabazi berri dituen Joan Crespok Munduko Txapelketaz eta etorkizunaz hitz egin du.
Aurtengo Slalomeko Munduko Txapelketa mugarria izan da Santiagotarrak elkartearentzat. Hiru kirolarik euren ibilbide profesionaleko emaitzarik onenak eskuratu berri dituzte Seu D´Urgellen. Beste behin, munduko onenen parean lehiatzeko prest direla erakutsi dute Ander Elosegik, Klara Olazabalek eta Joan Crespok.
Norbanako zein taldekako lehian primeran aritu ziren hirurak. Patruiletan heldu zen irundarren lehen erakustaldia. Crespok urrezkoa eskuratu zuen K1ean, eta Elosegik eta Olazabalek zilarrezkoa C1ean. Norbanakoen lehian, aldiz, Elosegi izan zen trebeena. Munduko txapeldunorde titulua eskuratu zuen irundarrak. Urte luzez podiumera igo gabe geratu ostean, aurtengoan lortu du. Finalera iritsita, Tokioko Olinpiar Jokoetarako postua ziurtatu du Elosegik, beraz, laugarrenez hartuko du parte horietan.
Crespo ere domina birekin bueltatu zen hirira; brontzezko domina eskuratu zuen norbanakoan. Olazabalek, soilik 21 urterekin, munduko bosgarren sailkatzea lortu du, emaitza ikaragarri eta historikoa gazte irundarrarentzako ere.
Harrobi indartsua
Urte luzez hirukotearen —eta bereziki Elosegi eta Olazabalen— entrenatzaile gisa aritutako Xabier Taberna oso harro dago hirukoteak lortutakoarekin. «Oso ongi ikusi ditut hirurak. Gurea bezalako klub batentzat munduko bost onenen artean hiru kirolari izatea ikaragarria da. Oso-oso pozik gaude». Dominak klubean aspalditik ereindakoaren fruitua izan direla aitortu du: «Txikitatik haurrekin lan oso garrantzitsua egiten dute, harrobi indartsua lortu dute. Zorionez aspaldi lortu zuen klubak Irungo kirol agendan txoko bat egitea».
ELKARRIZKETA:
Urrezko eta zilarrezko domina bana. Primerako emaitza horiek espero zenituen?
Aspalditik espero nituen domina hauek. Puntu batetara iristen zara non domina bat irabazteko aukera hori duzula ahazten zaizula, baina bat-batean berriz ere emaitza onak datoz. Oso pozik geratu naiz egindako txapelketarekin. Sentsazio oso onekin ibili naiz. Taldekako urrezkotik norbanakoan zilarra eskuratu arte emozioen batura berezia izan da. Gainera, jasotako babes handiak asko lagundu du emaitza hauek lortzen, jendetza etorri zen gu babestera. Erabat ase eginda geratu naiz.
Espero zenituen?
Egia esan bai, beti duzu ilusio hori. Azken bi urteotan Seun eta Munduko Kopan finaletara iritsi naiz, podiumetik gertu, horregatik esperantzarik ez dut galdu.
Erretiroan ere pentsatu duzu. Emaitza hauek jarraitzeko indarra eman al dizute?
Urte hasieran nire entrenatzaileei esan nien olatu honek eramaten ninduen lekuraino iritsiko nintzela. Esan nien: ‘Espainiako Txapelketara heltzen banaiz horraino helduko naiz, Munduko Txapelketara bada hala bedi, eta Tokiora baldin bada are hobeto’. Bada, orain beste urte batez jarraitu beharko dut… Energia txute bat izan dira dominak. Aurrera jarraitzeko indarra eman didate.
Gainera, Olazabalek bezala, oraindik Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko aukerak dituzu. Hurrengo geltokia?
Izan daiteke, bai. Bertan egoteko gogor borrokatzeko prest nago. Gaztetan asko obsesionatu ninduen Olinpiar Jokoetara heltzeak. Batzuetan oso gertu ikusi dut. Baina pixkanaka txapelketak gaizki joaten hasten dira, pixka bat hondoratzen hasten zara, eta azkenean nire buruari esan nion: ‘Zure ibilbideko azken urteak dira, gozatu eta ahal duzun onena eman, eta ikusiko duzu noraino heltzen zaren’. Presio hori gabe gauzak ongi atera dira, pixkanaka bere kabuz ateratzen joan dira. Beti pentsatu dut goian egoteko aukerak nituela. Urtez urte bidea egiten joan naiz, urratsak egiten.
Hortaz, jarraitzeko prest?
Noski. Oraindik pixka bat asimilatzen ari naiz lortutako guztia, orain egun batzuk erlaxatzeko nahi ditut. Hala ere, berehala hasiko gara datorren denboraldia prestatzen, jada hasteko gogoz nago.
Noiz arte ikusiko dugu Joan Crespo uretan?
Ez nuke esango luzerako izango denik [barrez], gehiegi esatea litzake. Baina nire asmoa beste bi urtez jarraitzea da. Pentsa; Munduko Txapelketaren ondoren erretiratzeko asmoa nuen, eta egoerak beste leku batera eraman nau.
Donostiarra izan arren, askorentzat irundarra zara jada. Noiz heldu zinen hona?
13 urterekin iritsi nintzen Santiagotarrak-era, bizitza oso bat pasatu dut hemen. Lehen egunetik besoak zabal-zabalik aurkitu ditut. Primerako formazioa jaso dut lehen egunetik, eta egun naizena izateko ezinbestekoa izan da entrenatzaile eta zuzendaritzako kideen lana.