«Jaialdiak herrian ekarpen positiboa egiten zuela konturatu ginen»
Hondartzako aparkalekutik zabalduko dira aurten lehen aldiz Fenomena doinuak. «Pixkanaka» garatzen joan den jaialdia da, eta oraindik behin betiko lekuaren bila dabilen arren, erreferente bihurtu da hondarribiarren agendan.
Laugarren ekitaldia beteko du aurten Hondarribiko Fenomena jaialdiak. Lagunen arteko elkarrizketa gisa hasi zena, geroz eta sustrai sakonagoak dituen festibal baten tankera hartuz doa. Ernesto Villar lehen ediziotik antolatzaile lanetan buru-belarri aritu da, eta aurten, nola ez, ildo berean jarraitzen du. Hasiera-hasieratik ezagutzen duenez Villarrek jaialdia, honen jaiotzaren, garapenaren eta egungo nondik norakoen gainean mintzatzeko prest agertu da.
Nola sortu zen Hondarribian Fenomena bezalako jaialdi bat antolatzeko ideia?
Urteak eman genituen kuadrillako lau lagunen artean gure gustuko zerbait antolatzearekin amets egiten. Gure gustukoa izan zitekeen festibala zen: kalean, eguraldi onarekin eta gure gustuko musika entzuten. Beraz, festibal hori nola izan zitekeen pentsatzen hasi ginen. Guadalupeko kanpan egitea interesgarria iruditu zitzaigun, musika festibal bat, San Juan egunarekin batera, eguzkiarekin… Ideiak modu positiboan proiektatzen hasi ginen. Ni Psilocybeko kidea naiz, eta badakit nola funtzionatzen duten gauza hauek. Udalari ideia aurkeztea zen lehenengo gauza, eta hala esan nien. Ideiari bueltak ematen hasi ginen, baina azkenean udalak oztopo asko jarri zizkigun. Gainera, gure lehenengo urtea zen eta ez genuen ezer kontrolatzen. Azkenean, jaialdi xume bat prestatu genuen lehenengo urte horretarako, eta era horretan, jaialdia egin genuen. Horrela hasi ginen eta gustura ginela ikusi genuen, gainera, herrian ekarpen positiboa egiten zuela konturatu ginen. Horrela hasi ginen eta gaur egunera arte luzatu da jada.
Lehenengo urteetan Kasino Zaharrean egin zenuten, dagoeneko hau laugarren ekitaldia da eta kirol kaira lekualdatu duzue jaialdia. Nolakoa izan da festibalak urte hauetan bizi izan duen garapena?
Pixkanaka izan da, urtetik urtera. Ez daukagu anbizio handirik, ez daukagu nonbaiteraino iristeko ideiarik. Lehenengo urtea igaro ondoren, jendea guregana hurbildu zela ikusi genuen. Oso ondo erantzun zigutela konturatu ginen. Eta pentsatu genuen: ‘Beno, hurrengo urtean beste pittin bat gehiago, eta ea zer gertatzen den’. Lehenengo urtean ez genuen kasik enpresa pribatuen laguntzarik izan. Bigarren urterako mezenasgo txikia eskatzen hasi ginen enpresei, eta ikusi genuen erantzuna oso ona zela. Pixka bat handitu ginen, oso modu naturalean, ez ideia edo proiektua handiagoa egiteagatik, gauzak hobetzeagatik baizik. Guretzat ideia handi bat litzateke gustuko ditugun taldeak ekarri ahal izatea, ez jaialdi erraldoi bat egitea. Gustuko ditugun taldeen barruan daude talde txikiak eta cache handikoak ere. Gure ilusioa cache handiko talde batera iristea da, baina oraingo formatuan, hau baino gehiago ezingo genuke egin ez dugulako azpiegitura nahikorik.
Nola definituko zenuke lantzen ari zareten musika estiloa? Eskaintza nahiko zabala dela ikusten da.
Rocka dago guztiaren erdian, baina horrez gain, geografia mugitzea ere gustatzen zaigu. Horrekin esan nahi dut, Euskal Herriko talde bat ekartzea gustatzen zaigula, estatuko beste talde bat, eta atzerriko bat ere bai. Rockak dituen estilo ezberdinen artean, ez ditugu guztiak jorratzen, guri gustatzen zaizkigunak eskaintzen ditugula baizik. Aurten daukagu pop musika, rock klasiko stoner psikodelikoa, funk estilo eroa… Pixka bat ezberdinak dira denak, baina rockaren barruan daude.
Egia esaten badizut bost taldeak atsegin ditut. Ezin dut bakarra aukeratu”
Set akustikoa ere prestatu duzue aurtengo jaialdirako.
Bai, berritasun bikoitza da. Berritasuna akustikoa delako, eta berritasuna parte hartuko duten musikarien izenengatik ere.
Iaz Harrera Sarearekin elkarlanean aritu zineten, eta aurten, ordea, Aita Mari itsasontziarekin. Zer azaldu dezakezu horren inguruan?
Iaz Harrera Sarearekin elkarlana sortu genuen, eta aurten ere proposamena luzatu genion taldeari. Hala ere, azken aldian laguntza handia jaso dutela erantzun ziguten, adibidez, Klink elkarteak antolatutako bazkarian 6.000 euro inguru bildu zituen sareak. Beraz, beste talderen edo elkarteren batek behar handiagoa izango zuelakoan, beste ate batean jotzeko komentatu ziguten. Aita Mari-rekin harremanetan jarri ginen orduan, haiek asko eskertu ziguten proposamena. Eta oso ongi doa harremana. Hango [Mediterranoko] errealitate kaskar horretan ezer gutxi egin dezakegun arren, behintzat, haiei ondo datorkien laguntza hori ematerik badugu…
Nola eramango duzue aurrera diru bilketa hori?
Iaz sarrera solidarioa, edalontziarekin batera, bi euroan jarri genuen. Aurten, edalontzi berrerabilgarriaren bi eurotik bat emango zaie Aita Mari-koei.
Aurtengo berritasunen artean karpa dago. Zenbat lagun kabitzen dira bertan?
Karpan mila lagun sar daitezke gehienez. Baina badirudi eguraldi ona egingo duela, eta hala balitz karpa irekiko genuke. Beraz, espazio hori guztia [belardira seinalatzen du] edukiko genuke, kristorena litzateke.
Bukatzeko, aurtengo Fenomena jaialdian jo behar duten talde guztien artean, zein aukeratuko zenuke?
[Barrez lehertzen hasi da] Ni musikarekin arduratzen naizela pentsatu behar duzu, eta egia esaten badizut, bost taldeak atsegin ditut. Ezin dut bakarra aukeratu. Bostak erakargarriak egiten zaizkit bakoitzak bere puntua duelako, eta Estanques ikusteko kristoren gogoak nituen, baina abuztuan taldea ikusteko aukera izan nuen, beraz… ez dakit. Ikusi izan ez banitu, segur aski haien kontzertua aukeratu eta hori erantzungo nizun. Datura4 taldearena oso kontzertu ona ere izango da. El Niño de Elcheren eta Ruperren [Ordorika] istorioa ere erakargarria egiten zait berritasun bezala. Eta… Ez dizut erantzungo [barrez], bostak gustatzen zaizkit.