Zaldunborda Aiako Harria-Jaizkibel korridore ekologikoan dagoela salatu du Equok
Argudio hori medio, Araso industriaguneko zabalpena orain dela bost urte "bertan behera" gelditu zela gogorarazi du berdeen taldeak.
Zaldunbordako proiektuaren inguruko balorazioek ez dute etenik. Equo-Berdeak Gipuzkoa alderdiaren txanda iritsi da oraingoan, eta adierazi dutenez, “ingurumen ikuspuntutik, Zaldunborda Gaina lursailaren zati bat Aiako Harria-Jaizkibel korridore ekologikoaren barruan kokatuta dago”. Bertan eragingo zuen kalte ekologiko dela eta, Irungo Udalak bultzatutako “Araso-Mendebaldea izeneko proiektua orain dela bost urte bertan behera” gelditu zela oroitarazi du taldeak.
Bidasoaldeko ekonomiak pairatuko dituen “ondorio negatiboak” ere aipatu ditu Equo-Berdeak-ek. Are gehiago, “ipar Euskal Herrira, Nafarroara eta Euskal Autonomia Erkidego osora” zabalduko direla ondorio horiek salatu du taldeak.
Hori horrela, aldaketa klimatikoaren aurka egiteko, “bertako merkataritza” sustatzearen aldeko neurriak behar direla uste du taldeak: “Ekonomia zirkularraren mesedetan, mugikortasun beharrak gutxitu beharko lirateke, energia aurreztuz, eta isurketa kutsakorrak gutxituz”.
“Desleialtzat” jo dute kideek halaber EAJren jarrera, Zaldunbordako proiektua establezimendu handien aurkako lege proposamena onartu baino 24 ordu lehenago ahalbidetzeagatik. Lege proposamen hori “EAJk berak atzeratu” egin zuela ere esan du alderdiak.