GKEen diru-laguntzen prozedura «berehala» martxan jartzeko eskatuko du Abotsanitzek
«Prozedura abendura arte ez abiatzearen ondorioz», eskaera gehienak «ezeztatu» zituela gogora ekarri du taldeak; aurten gauza bera eginez gero, erakundeak kinka «larrian» geratuko liratekeela ohartarazi du.
Gobernuz kanpoko erakundeei (GKE) zuzendutako diru-laguntza prozedura «berehala» abiatzeko eskatuko du Abotsanitzen udal taldeak hilaren 30erako aurreikusitako osoko bilkuran. Iaz gertatutakoa gogora ekarri du plataformak argitara emandako ohar batean: «Hondarribiko Udalak diru-laguntza gehienak ezeztatu zituen, prozedura abendura arte ez abiatzearen ondorioz». Aurten, gertatutakoa errepikatuz gero, erakundeek «oso ondorio larriak pairatuko» lituzketela ohartarazi du taldeak.
Iazko deialdian 2018-2019 eta 2019ari zegozkien proiektuak aurkeztu zituzten elkarteek Abotsanitzen arabera, eta soilik 2018ari zegozkionak onartu zituen udalak. Horren ondorioz, aurrekontuaren «zati handi bat» banatu gabe geratu zela salatu du plataformak.
Ildo horretan, 2018-2019ko proiektuak diruz laguntzeko ez ohiko partida bat bideratu zela onartu duen arren, dagoeneko «urrian gaudela eta oraindik ez dela prozedura martxan jarri», ohartarazi du herri batzarrak.