Ander Elosegi: «Laugarren jokoak izan arren, lehenengoak balira bezala hartuko ditut»
Munduko piraguista onenekin lehiatu berri den Ander Elosegirekin bildu da HITZA, Munduko Txapelketaz eta etorkizuneko ametsez hitz egiteko.
Aurtengo Slalomeko Munduko Txapelketa mugarria izan da Santiagotarrak elkartearentzat. Hiru kirolarik euren ibilbide profesionaleko emaitzarik onenak eskuratu berri dituzte Seu D´Urgellen. Beste behin, munduko onenen parean lehiatzeko prest direla erakutsi dute Ander Elosegik, Klara Olazabalek eta Joan Crespok.
Norbanako zein taldekako lehian primeran aritu ziren hirurak. Patruiletan heldu zen irundarren lehen erakustaldia. Crespok urrezkoa eskuratu zuen K1ean, eta Elosegik eta Olazabalek zilarrezkoa C1ean. Norbanakoen lehian, aldiz, Elosegi izan zen trebeena. Munduko txapeldunorde titulua eskuratu zuen irundarrak. Urte luzez podiumera igo gabe geratu ostean, aurtengoan lortu du. Finalera iritsita, Tokioko Olinpiar Jokoetarako postua ziurtatu du Elosegik, beraz, laugarrenez hartuko du parte horietan.
Crespo ere domina birekin bueltatu zen hirira; brontzezko domina eskuratu zuen norbanakoan. Olazabalek, soilik 21 urterekin, munduko bosgarren sailkatzea lortu du, emaitza ikaragarri eta historikoa gazte irundarrarentzako ere.
Harrobi indartsua
Urte luzez hirukotearen —eta bereziki Elosegi eta Olazabalen— entrenatzaile gisa aritutako Xabier Taberna oso harro dago hirukoteak lortutakoarekin. «Oso ongi ikusi ditut hirurak. Gurea bezalako klub batentzat munduko bost onenen artean hiru kirolari izatea ikaragarria da. Oso-oso pozik gaude». Dominak klubean aspalditik ereindakoaren fruitua izan direla aitortu du: «Txikitatik haurrekin lan oso garrantzitsua egiten dute, harrobi indartsua lortu dute. Zorionez aspaldi lortu zuen klubak Irungo kirol agendan txoko bat egitea».
ELKARRIZKETA:
Munduko txapeldunorde. Zenbatetan imajinatu duzu zure burua podium horretan?
Buf… askotan. Egia da final askotan egon naizela, baina gero beti kostatu izan zait azkeneko jaitsiera hori nolabait ongi bukatzea. Azkenean iritsi da, eta egia esan, oso kontent nago. Nire burua askotan ikusi dut hor, baina egia da kostatu dela iristea.
Lautan podiumera igo gabe geratu ostean, aurten lortu duzu. Dominaren koloretik harago, berezia izan da, ezta?
Bai, oso. Berezia batez ere horrelako emaitza bat lortzea ez delako batere erraza. Urte asko daramatzat borroka honetan. Ikusten nuen maila aldetik ez nenbilela gaizki, eta azkenean lortu dut.
Honaino heltzeko bidea gogorra izan da?
Beti da gogorra. Azkenean denbora luzez egon naiz entrenatzen, denboraldi asko… eta batzuetan gogorra izaten da, batez ere ikusten duzunean emaitza batzuk ez direla zuk espero zenituenak, eta badakizulako eskura izan arren ez direla heltzen. Momentu horiek gogorrak izan dira, baina bestela, ibilbide polita izan da. Azkenean gustatzen zaidan kirola egiten dut eta ez daukat kexatzeko eskubiderik.
Arantza hori kendu duzu honekin?
Egia esan, bai. Azkenean berdin du brontzea, zilarra edo urrea den, lortutako domina horrek asetzen nau.
Gainera, Tokion egoteko ziurtagiria duzu jada. Zure laugarren Olinpiar Jokoak izango dira. Prest?
Noski baietz. Txapelketa honekin etapa garrantzitsu bat bukatu dugu, eta hor helburua zen jokoetarako plaza lortzea. Orain berri bat hasiko da, Tokioko zita hori prestatzea, alegia. Egia da laugarren jokoak izango direla baina nik lehenengoak balira bezala hartzen ditut. Olinpiar Jokoak gure kirolean dagoen txapelketarik garrantzitsuena dira, eta bertan parte hartzea beti da berezia, nahiz eta lehenengo, laugarren edo hamargarrena izan. Egia esan ilusioz noa Tokiora.
Zein espektatibarekin joango zara?
Oso zaila da domina ateratzea, nahiz eta azken txapelketa honetan zilarra lortu. Jendeak pentsa dezake espektatiba handiak daudela, baina oso zaila da. Halere, esan nahiko nuke Tokiora baldin banoa, eta orain entrenatzen ari baldin banaiz, jokoetan lortutako emaitza horiek hobetzeko aukera edo ilusio hori badudalako dela. Helburua beti izango da dominetan sartzea, badakit zaila izango dela, baina ondo prestatuz gero, aukerak egon daitezke.
Kirolari oso gutxik lortzen dute lau jokotan parte hartzea. Oraindik asko duzu emateko?
Noski baietz, baina bosgarrenetara heltzea oso zaila ikusten dut, ez dut uste gai izango naizenik. Tokiora heltzea kostatu zait, batez ere buru aldetik. Eta 2024ko Olinpiar Jokoak gauza oso urrun bezala ikusten ditut. Baina zerbait esatekotan, esango nuke ez naizela iritsiko segur aski, oso zaila izango dela. Orain, datorren urteari begira nago bakarrik.