Zaldunbordako proiektua etetearen aurka agertu dira EAJ eta PSE-EE
Ezerezean gelditu da EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurara eramandako outlet erraldoiaren kontrako mozioa.
Osoko bilkura egin dute gaur goizean zehar Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta EH Bilduk iragan astean iragarri bezala, Zaldunbordako proiektua eteteko ebazpen proposamena eraman du bertara. PSE-EEk eta EAJk hala ere, proiektua gelditzearen aurka bozkatu dute eta ezerezean utzi dute azkenean eztabaida.
Gasteizko Legebiltzarrak ekainaren 27an aho batez onartutako Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduaren lege proposamena “betetzeko” eta “koherentziaz” jokatzeko eskatu du Juan Karlos Izagirre bozeramaile eta batzarkideak gaurko saioan. Haren arabera, ulergaitza da “Hondarribian egin nahi den eta inguruko herrietan eragin zuzena izango duen proiektu hau gelditu beharrean, aitzakiak jartzen ibiltzea”.
PSEk bere aldetik “proiektua” negozia dezala eskatu dio Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateari, egitasmoa “indarrean dagoen araudiari” egoki dezan. Herriko komertzioen aurkako jarrera kontuan har dezala ere galdegin dio Susana Garcia Chueca PSE-EEko Batzar Nagusietako bozeramaileak.