Lan baldintza duinak eta kalitatezko arreta, biharko aldarriak Irunen
ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako egoitzetako langile grebalariek ibilaldi berezia egingo dute bihar hirian zehar.
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek borrokan jarraitzen dute. Biharko (hilak 10), Gipuzkoan zehar martxaren barruko ekitaldi berezia antolatu du ELA sindikatuak Irunen. Ibilaldi berezia egingo dute, 11:00etatik aurrera. Gurutze Gorriaren parean hasi eta Hondarribia kalea, Colon pasealekua eta udaletxea zeharkatu ostean, Ama Xantalenen amaituko dute mobilizazioa.
Egoitzetako langileek 115 greba egun baino gehiago egin dituztela gogoratu dute gaur OarsoBidasoko ELA-ren egoitzan eskaini duten agerraldian. “Gure borroka ikusgai jarri nahi dugu Bidasoko eskualdean, eta gure eskakizunak erakutsi: lan-baldintza duinak guretzat, eta kalitatezko arreta Gipuzkoako milaka erabiltzailerentzat”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek. Aldundiak “prekarietatearen aldeko hautua” egin duela salatu dute gaurkoan, emakumezko eta gizonezkoen arteko soldata arrakala “negozio tresna gisa” erabiltzea egotzi diote.
Era berean, joan den uztailaren 31ean Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretua salatu nahi izan dute. “Oso larritzat jotzen dugu dekretu batek ratioak hobetu beharrean okertzea”. Bada, dekretu hau aplikatuz gero, erabiltzaileen egoera okertuko litzakeela ere salatu dute.
Biharko martxarekin batera, Irungo Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei gatazkarekiko jarrera bat hartzea eskatuko diete.