'Harri-Orri-Ar' eta ezkontzen azoka, asteburuan Ficoban
'Harri-Orri-Ar' eskulangintzaren azoka ostiralean zabaldu eta igandean itxiko dute. Ezkontzena, berriz, larunbat eta igandean da.
Jarduera frenetikoa asteburuan Ficoba Euskal Kostaldeko Nazioarteko Azokan. Bi azoka jasoko ditu: eskulanen eta norberak egindako artelan Harri-Orri-Ar, eta ezkontzen atalean sakontzen duen Tartako panpinak. Lehena ostiraletik igandera da; bestea larunbat eta igandean.
Harri-Orri-Ar-en 30 erakusketarik parte hartuko dute. Ficobatik adierazi dutenez, DIY Do It Yourself mugimenduaren azken joerak eta berritasunak “ikusi, bizi, usaindu, ukitu eta sentitu” ahal izango dira. Erakusketarien eskaintzaz gain, 70 tailer baino gehiago izango dira azokaren hiru egunetan, baita masterclass-ak ere, “eskulangileen munduko ordezkari ospetsuek” emanak. Egitarau osoa, postuak, eta tailerrak, azokaren webgunean ikus daitezke xehetasunez.
Etxeko dekorazioarekin, birziklapenarekin, hiri baratzeekin, lorezaintzarekin, olioekin, xaboiekin eta beste hainbat gairekin harremana duten denda edo postuak izango dira Ficoban. Papereko eskulan eta artelanekin zerikusia dutenak ere egongo dira, baita joskintzarekin lotura dutenak ere.
Ostiralean (urriak 11) eta larunbatean 11:00etatik 20:00etara dago zabalik azoka. Igandean (hilak 13) 11:00etatik 19:00etara. Sarrera orokorrak lau euroko prezioa du; 8 urtetik beherakoak doan sar daitezke. Aparkalekua doan da.
‘Tartako panpinak’
Laugarrenez egingo dute Ficoban Tartako panpinak, ezkontzekin harremana duen azoka. Ezkongaiek behar dituzten gisa guztietako arloak hartzen dituzten postuak eta informazio mahaiak izango dira jarrita, larunbat eta igandean, Irungo erakustazokan. Ficobartik adierazi dute jada 20 erakusketarik konfirmatu dutela bertan izango direla.
Azokara sartzea doan da, baita aparkatzea ere. Baina gonbidapenak ere ematen dituzte, formulario bat betez.
Larunbat eta igandean 11:00etatik 14:00etara goizez, eta 15:00etatik 20:00etara arratsaldez dago zabalik Tartako panpinak.