Blues jaialdia berreskuratzearen aldeko proposamena egin du Abotsanitzek
Bozeramaileen Batzordean aurkeztu zuen dokumentua irailaren 26an, eta dagoeneko enpresa kudeatzailearekin bildu da. Lau zutabetan oinarritzen da dokumentua.
Abotsanitz Herri Batzarrak blues jaialdia mantentzearen aldeko apustua egin du eta hala helarazi die udal gobernuari, gainontzeko udal taldeei eta Blue Vision enpresa kudeatzaileari. Lau baldintzetan oinarritzen den proposamena prestatu du horretarako plataformak, eta momentuz erantzunik jaso ez duen arren, eragile guztiak jakinaren gainean daudela adierazi du.
Aurkeztutako dokumentuaren lehenbiziko baldintzaren arabera, enpresa antolatzaileak —Blue Vision—, “espediente administratiboan aipatutako diru kantitatea itzultzea onartuko luke”. 2020ko jaialdiaren egitaraua aurkeztu beharko luke enpresak udazkenean zehar, bigarrenak dioenez. Jaialdirako diru partida mantentzeko konpromisoa hartuko luke tokiko gobernuak legealdiko lau urteetan, hirugarren puntuak jasotzen duenez. Bukatzeko, festibalaren kontuek “legea zorroztasunez” bete beharko dute.
Aurrekariak
Hamahiru ekitaldi bete zituen 2018. urtean Hondarribiko Blues Jaialdiak. Aurten, eredu aldaketa bultzatu zuen udal gobernuak eta festibala “publiko izatetik pribatua izatera” igaro zen. Udal diruzaintzak, gainera, 2018ko ekitaldia eta gero espediente administratiboa ireki zuen. Horren guztiaren aurrean, jaialdia bertan behera gelditzea erabaki zuen tokiko gobernuak, nahiz eta “etenaldia behin-behinekoa” izango zen zabaldu zuen, eta ez behin betiko.