Hondartza ingurutik zabalduko dira aurtengo Fenomena doinuak
2019. urteko Fenomena jaialdiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Hondartza inguruan; hainbat berritasunekin dator aurtengo musika festibala.
Larunbateko Fenomena jaialdiaren laugarren ekitaldiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Ernesto Villar eta Javier Vitoria festibaleko antolatzaileak eta Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziak. Kirol kaiaren eta hondartzaren artean dagoen aparkalekuan egin dute agerraldia ordezkariek, bertan finkatuko baitute aurtengo agertokia.
Baina lokalizazioa ez da aurtengo jaialdiaren berritasun bakarra. Egunari hasiera emateko, haurrentzako tailerrak egingo dituzte kirol kaian, 11:00etan. Horren ondotik, Bonnie disko jartzaile madrildarrak poteo eta vermutekea girotuko ditu. Diskoak saltzeko postu bat ere izango da bertan.
Kontent agertu dira Fenomenako ordezkariak kirol kaiko tabernek jaialdia antolatzen erakutsitako prestutasunarekin. Izan ere, aurreko hiru ekitaldietan Kasino Zaharrean egin dute musikaldia, baina onartu dutenez, kokapenak muntaketa lanak zailtzen zituen, espazioak ez zuen karpa bat jartzeko aukerarik ematen, eta gainera, inguruko tabernen «inplikazio eza» jaialdia lekualdatzeko erabakigarriak izan dira.
Dena prest
Hondartza ondoko aparkalekuan kokatuko dute aurtengo taula, karpa erraldoi batek estalia. 16:00etan hasiera emango diete zuzeneko kontzertuei. Patio Rosemary, Flavio Banterla, Los Estanques eta Datura4 ariko dira taula gainean, besteak beste.
Aurten, berritasun moduan ere, set akustikoa aurreikusi dute antolatzaileek. Ruper Ordorika, Joseba Irazoki eta Niño de Elchereren emanaldi «potenteak» ariko dira bertan, eta Villarren hitzetan, «tentsio puntu bat ere izango dute». Halaber, ezusteko «txikiren» bat egon daitekeela esan du arduradunak, baina ez du ezer aurreratu nahi izan.
Musika estilo ezberdinak taularatuko ditu aurten ere jaialdiak. Eta ez hori bakarrik, «bizirik» dauden taldeak ekartzen dituztela nabarmendu du Villarrek, «aurreko urtean edo aurten bertan diskoa atera dutenak», hain zuzen ere. Ildo horretan, «sormena» etengabe lantzen dutenen garrantzia azpimarratu nahi izan du ordezkariak.
Aipatutako guztiaz gain, Aita Mari itsasontziarekin elkarlanean ari direla azaldu du bere aldetik Vitoriak. Mediterraneoan, migratzaileei eta elkartasunean lanean ari diren barkuei laguntza ematea da AIta Mariren helburua. Hortaz, jaialdian salduko diren edalontzi berrerabilgarrien bi euroko preziotik bat Aita Marira bideratuko dela esan dute. Edalontzien salmentaren %50, alegia.
Finantziazioa
Fenomenako kideek finantziazioaren inguruko datuak zabaldu nahi izan dituzte gaurko agerraldian. Gardentasuna erakutsi nahi izan dute horrekin eta esplikatutakoaren arabera, 20.000 euroko aurrekontua izan dute aurtengo jaialdia prestatzeko. Aurreko edizioekin alderatuta, «salto kuantitatibo handia» dela iritzi dio Vitoriak.
Hori horrela, aurrekontuaren %60 udalaren eta aldundiaren artean babesten dutela azaldu du. «Enpresek mezenasgo bidez egindako ekarpen txikiak», eta urtean zehar, jaialdiko antolatzaileek saldutako «zozketarako txartelak eta merchandisingak» osatzen dute gainontzeko aurrekontua, Vitoriaren esanetan.