"Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean dela parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa du"
Norbanako herritarrak batu zituen Guztion Alardea mugimenduak atzo Gernikako Arbolan egindako agerraldian; gatazkaren konponbidean eragile aktibo gisa jokatu nahi dute.
Hamarnaka gaztek bat egin zuten atzo arratsaldean Gernikako Arbolan egindako deialdian. Guztion Alardea izeneko mugimendua aurkeztu zuten, baita «gatazka» konpontze aldera idatzitako manifestua argitara eman ere. «Alardean parte hartzen duten gizonak, kantinera izandakoak, edota espaloietatik» txaloka gozatzen duten herritarrak dira norbanako bezala mugimendura atxiki direnak. Eta argi dute euren ekarpena balio handikoa izan daitekeela: «Alardea modu osasuntsu batean bizi dezagun, herrian dugun egoerari buruzko zenbait hausnarketa helarazi nahi dizkizuegu».
Istilurik gabeko alarderik bizi ez izana deitoratzen dute gazteek manifestuan, eta horregatik gazte belaunaldien artean elkar ulertzeko aukerak zabalagoak direla uste dute, «hasierako urte gogor horietan parte hartze zuzena ez izateagatik».
«Alardea mendeetan zehar emandako aldaketa askoren emaitza» dela dago jasota gazteek adostutako testuan, eta horri esker «mantendu» dela. Ildo horretan, «XXI. mendeak eskatzen dituen aldaketak» bermatzea beharrezkotzat jotzen dute: «Hondarribiko emakume bakar batek Alardean modu batean zein bestean dela parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa duela iruditzen zaigu».
Hori horrela, konponbidea lortzeko bi faktore nabarmentzen dituzte idatzian: bata, bakoitzak bere aukera modu askean egitea, eta bestea, herritarren arteko elkarrizketa bultzatzea. Hori guztia dela eta, konponbide batera iristeko eragile aktibo gisa aurkezten dute bere burua gazteek, eta ekarpenak, iradokizunak eta atxikimenduak jasotzeko helbide elektronikoa herritar ororen eskura ere jarri dute bide horretan.
Gatazkaren konponbidean manifestua irakurri, argazkia atera, eta sinadurak jaso zituzten atzo Gernikako Arbolan bildutakoek. «Beldurragatik», orain arte prozesua oso modu zuhurrean garatu behar izan dute. Are gehiago, argazkian ateratzeko ezezkoa eman duten pertsonen gehiengoaren arrazoia, beldurra izan dela azaldu dute gazteek, «esaten denarekin guztizko adostasuna adierazi digutelarik».
Elkarrizketa espazioak sortzen hasteko helburuarekin, atzo bertan bilera bat egiteko eskaria helarazi zion mugimenduak Alarde Fundazioari.
Jarraian, taldeak publiko egin duen manifestua osorik.