Emakumea eta itsasoa hizpide izango dituzte ostegunean liburutegian
'Moby Dick' zikloaren barruan antolatutako hizketaldi saioei hasiera emango diete aste honetan Eli Olaskoagak, Edurne Salaberriak eta Leire Canok.
Emakumea eta itsasoa izenburupean lehenbiziko solasaldiari helduko diote ostegunean, Moby Dick zikloaren baitan. Eli Olaskoagak eta Edurne Salaberriak solaskide moduan parte hartuko dute, eta Leire Canok bere aldetik, moderatzaile lanak beteko ditu. Hondarribiko Udal liburutegian finkatu dute hitzordua, 19:00etan abiatuta.
Herman Melville idazlearen jaiotzaren 200. urteurrenaren harira antolatu du udal liburutegiak Moby Dick izenpeko omenezko zikloa. Jarduera eta ekitaldi ezberdinak urte bukaerara bitartean luzatuko dira.