Zaldunbordaren aurkako ebazpen proposamena aurkeztuko du EH Bilduk aldundian
Proiektua bertan behera uztea, tokiko merkataritzaren alde egitea, eta Gipuzkoak salerosketa gune erraldoi gehiago behar ez dituela berrestea dira oinarriak.
Zaldunbordako proiektuaren inguruko argi-ilunak salatu dituzte gaur goizean EH Bilduren hainbat ordezkarik koalizioaren egoitza nagusian egindako agerraldian. Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako bozeramaileak azaldu duenez, ebazpen proposamen bat aurkeztuko dute datorren asteazkenean, hilaren 9an, Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran. Horren arabera, hiru eskakizun helaraziko dizkie koalizioak diputazioko taldeei: lehena, Hondarribiko Udalak proiektua bertan behera uztea; bigarrena, tokiko merkataritza sustatzearen aldeko konpromisoa berrestea; eta azkena, Aldundiko taldeek Gipuzkoak merkataritza gune handi gehiago behar ez dituela adieraztea. Iker Casanova legebiltzarkidea, Estitxu Elduaien batzarkidea, Hondarribiko zinegotzi Xabier Isasi eta Irungo hautetsi Ane Unanue Izagirrerekin batera izan dira agerraldian.
Outlet erraldoiaren egitasmoak sortuko dituen ondorioen artean, tokiko merkataritzaren atzerakada, autoaren erabilpena, eta hiri zein herrietako bizitzari eragingo dion kaltea aipatu ditu Izagirrek. Hori guztia dela eta, tokiko ekonomia, mugikortasuna eta ingurumena, eta euskara eta kultura kolokan jartzen dituen proiektua dela salatu du. Ez ohikotzat jo du gainera, Irungo udal talde guztiek eta Hondarribiko oposizioak bere osotasunean proiektuaren aurka lortutako adostasuna.
Gasteizko legebiltzarrak, bestalde, ekainaren 27an aho batez onartutako Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduaren gaineko lege proposamena gogora ekarri du Casanovak. Eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak dekretu bidez 24 ordu lehenago Zaldunbordako outlet erraldoiari bidea ireki izana kritikatu du.
EAJk eta PSE-EEk legebiltzarrean izandako jarreraren aurka ere agertu da Casanova. Zaldunbordaren afera parlamentuko plenora eraman nahi izan zuen EH Bilduk alderdi guztien artean eztabaida zezaten. Baina esandakoaren arabera, «EAJk eta PSE-EEk eztabaidari uko egin eta zegokion batzordera eraman zuten auzia».
Ildo horretan, Hondarribiko Udalaren proiektua EAJrentzat eta PSE-EErentzat «deserosoa» dela nabarmendu du legebiltzarkideak. Hori dela eta, Hondarribiko udal gobernuak proiektua eten dezan Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Legebiltzarrean ahalik eta adostasun zabalena lortzen saiatuko dela koalizioa adierazi du.