Zaldunbordan egindako lanengatik Abotsanitzek Higertoki salatu du
Hiru lege hauste leporatzen dizkio udal taldeak enpresari: bata, naturaren aurkakoa; bestea, hirigintza arauen kontrakoa; eta azkena, hondakinen biltegiratzearekin du zerikusia.
Zaldunborda eremuaren inguruko gorabeherek ez dute etenik. Abotsanitzen udal taldeak gaur eguerdian jakitera eman duenez, Higertoki enpresaren aurkako salaketa jarri zuen Irungo ertzain-etxean irailaren 26an. Hiru delitu leporatzen dizkio herri batzarrak enpresari: bata, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Natura Kontserbatzeko Legea ez errespetatzea; bigarrena, Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko (HAPO) hirigintza arauak haustea; eta azkenik, hondakinen biltegiratzea arautzen duen 49/2009 Dekretua ez betetzea.
«Korridore ekologikoan 100.000 metro koadroko azalera txikitu du inongo udal baimenik gabe», adierazi du Igor Enparan Abotsanitz udal taldearen bozeramaileak. Halaber, «betelanak eta landa eremuko zuhaitz eta landaredi mozketak» egin izana leporatu dio hautetsiak enpresari. Hori guztia dela eta, ingurumenaren aurkako delitua egin izanaren zantzuak daudela uste dute Abotsanitzeko kideek.
Hondarribiko Udaleko Ingurumen departamentuaren abuztuaren 28ko txosten batek lanak «baimenik gabe» egin zirela ziurtatzen dutela zabaldu du era berean bozeramaileak. Horren arabera, Natura Kontserbatzeko Legeak eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak babestutako zuhaitz eta landare aleak kendu zituzten Higertoki enpresako beharginek. Gainera, mozketek ez omen zuten errekako bost metroko bide-zorra errespetatu. «Ingurumen Departamentuak gertatutakoaren berri eman zion URA Uraren Euskal Agentziari, eta URAk ikerketa abiatu du gertatutakoa aztertzeko».