Ezjakintasunean murgilduta
Hondarribian finkatutako Evelyn Smith britaniarrak eta Belfast bizitoki duen Irati Oleaga oreretarrak ‘Brexit’-ak izan dezakeen eraginaren gaineko irakurketa egin dute.
Hil honen bukaeran bukatuko da Erresuma Batuak jasotako epea Europako Batasunetik irteera gauzatzeko. Argi-ilun ugari izan ditu orain arte Brexit deritzon prozesuak. Eta are ilunagoa da herritarrengan eta zenbait sektore ekonomikoetan izan dezakeen eragina. Etorkizunean zer gerta daitekeen, beraz, iluna da. Evelyn Smith Hondarribian finkatutako ingelesak horixe bera erantzun du Brexit-ak bere egoeran edukiko dituen ondorioen inguruan galdetuta: «Nik uste dut ez duela eraginik izango nire egoeran, baina egia esan, ez dakigu ezer».
Aita ingelesa eta ama frantsesa zituen Smithek. Bi estatuen artean hazi zen eta 1967. urtean iritsi zen Euskal Herrira, Donostiako familia batekin gaztelania ikastera. Urte pare bat Iruñean ere eman zituen esportazio enpresa batean lanean eta geroztik, bere bizilekua Hondarribian finkatzea erabaki zuen britaniarrak. Egun, bere anaia Patrickekin bizi da bertan.
2016. urtean egin zuen Erresuma Batuak Brexit-aren inguruko galdeketa, eta ez zuela momentu hura gehiegi bizi onartu du. «Zergak, gizarte segurantza, dena hemen ordaintzen dut aspaldi, beraz, ez dut uste eragingo didanik», adierazi du, nahiz eta zalantzak dituen hemendik aurrera etortzen diren britaniarrekin. Haren anaiak nolako eragina pairatuko duen ere ez du bat ere argi, haren kasuan Erresuma Batuak ordaintzen baitio pentsioa.
Ipar Irlandan bizi da Irati Oleaga oreretarra. 2014. urtean ikasketak osatzera joan zen Belfastera, eta bukatuta, bertan finkatu zuen bere bizilekua. Brexit-aren gaineko galdeketa egin zenean egoera «nahasi samarra» zela onartu du. Alderdi unionista gehienek Europako Batasuna [EB] uztearen aldeko kanpaina egin zutela azaldu du Oleagak. Ezkerreko edo errepublikaren aldeko talde politikoen artean, berriz, eztabaida korapilotsuagoa piztu zen, «Sinn Fein eta SDLP [Social Democratic and Labour Party] alderdiak EBn geratzearen alde agertu ziren, baina beste hainbat taldek kontrako jarrera adierazi zuten, EBren izaera bera errefusatzen dutelako (sistema kapitalista, erreforma neoliberalak…)». Hortaz, eztabaida jatorritik aldendu zela uste du Oleagak.
Baiezkoa nagusitu zen
2016. urteko erreferendumak emaitza jakin batzuk mahai-gaineratu zituen: %51,89 EB uztearen alde agertu zen, eta %48,11 ordea, kontra. Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batua osatzen duten nazio guztiak EB uztera lotetsi zituen galdeketak. Ez zen alde handirik egon baietzaren eta ezetzaren artean, baina EBtik irteera bultzatzeko adina indar erakutsi zuten Brexit-aren aldekoek. Smithen ustetan, nazionalismoak rol garrantzitsua bete zuen horretan guztian. «Ingelesak haserre daudela dirudi, EBn ez dutelako nahi adina agintzen». Diskurtso hori aitzakiatzat hartuta «nazionalismoa berpizten» ari dela adierazi du, «hori da behintzat nik uste dudana».
Irlandan muga ezartzeak zauriak ireki ditzakeela uste du Smithek
David Cameron lehen ministroak galdeketarako deia luzatu zuenean, aditu askoren ustetan, presiopean egin zuela dio Oleagak. Nazionalismo terminoa erabili ez arren, «bere alderdian eta batez ere Ingalaterran indartzen ari ziren fakzio eskuindarren aldarriak» baretzeko egin zuela uste du. Kanpaina «basatiari» hasiera eman zioten orduan, «Britainia Handian bereziki beldurraren diskurtsoa erabili zuten, arrazoibide arrazista nagusi».
Ipar Irlandan eta Eskozian Brexit-aren kontrako jarrera agertu zuten alderdi independentistek, «EBtik kanpoko jokaleku batean toki eta posizio are ahulagoan leudekelako Londresekin euren aldarri politikoak kudeatzeko». Hala eta guztiz ere, Ipar Irlandaren egoera hori guztia baino «korapilatsuagoa» dela nabarmendu du Oleagak.
Brexit-aren inguruko gorabeherek David Cameron eta Theresa May lehen ministroen dimisioak eragin dituzte hiru urte hauetan, eta egungo mandatari nagusi Boris Johnsonen eserlekua bera ere jokoan dago. Are gehiago, parlamentua bertan behera uzteko erabakia hartu zuenetik.
Eta ez hori bakarrik, Elizabeth II.a erregina bera ere horretan parte hartzeko «engainatu» zuela ere diote herritarrek, Smithen arabera. «Akats larri bat izan zen [parlamentua bertan behera uztea], diktadore batek egingo lukeen zerbait dirudi. Ingelesen baloreen aurka doa askotan [Johnson], eta hori ez zait zuzena iruditzen». Gainera, erreginarekin gertatutakoa «korapilo» bat dela iritzi dio ingelesak, «engainatu egin dutela esaten dute. Azken finean, paperak sinatzeko boterea eta parlamentuaren sesioak irekitzeko betebeharra besterik ez du erreginak».
Galdeketak utzitako emaitzei heldu beharko lieketela sinesten du Smithek. «Herritarrei kontsulta egin bazaie, eta botoa eman badute, orain aurrera egin beharko luke parlamentuak», esan du. Baietzaren eta ezetzaren arteko aldea txikia izanda ere, «baiezkoa» gailendu zela oroitarazi du, eta beraz, horren alde lan egitea egokitu zaiela politikariei, «ez beren interes propioen mesedetan».
Ipar Irlanda
Ipar Irlandan bizi duten egoeraren nondik norakoak azaltzeko hamaika faktore aztertu behar dira Irati Oleaga oreretarraren ustez. Historian atzera egitea beharrezkoa da egoeraren nondik norakoak ulertu ahal izateko. 1998ko Ostiral Santuko Akordioak bi zati dituela esplikatu du Oleagak, «lehena, Ipar Irlandako alderdi politikoen arteko akordioa, eta bigarrena, Londresko eta Dublingo gobernuen artekoa. Azken horrek, nazioarteko izaera esleitzen zion hitzarmenari». EBk defendatutako giza eskubideen babespean sinatu zuten akordioa.
Pasaporte irlandarra eskatzeko inprimakiak agortu ziren Belfasten
Testuinguru horretan, Irlandako autodeterminazio eskubidea ere onartzeaz gain, ondokoa adostu zutela azaldu du: «Ipar Irlandako gehiengoak estatus juridiko-politikoaren inguruan galdetua izan nahiko balu, hala egingo litzateke».
Pasaporteak ere arautu zituen hitzarmenak, eta irlandarra, britaniarra edo biak edukitzeko aukera aitortu zitzaien herritarrei. Bitxikeriak bitxikeri, aipatzekoa da galdeketaren ondorengo egunetan, pasaporte irlandarra eskatzeko inprimakiak agortu zirela Belfasten.
Faktore ekonomikoak jokatzen duen paperaz ere ohartarazi du errenteriarrak. Ipar Irlanda «laguntza ekonomikoei esker» bizi da , «eta hemen denek dakite Londresek ez duela Ipar Irlandan inbertituko». Hortaz, Brexit-a «hondamendi ekonomiko» gisa ikusten dute herritarrek.
Ildo horretan, EBn jarraitzearen aldekoa zen ipar irlandarren gehiengoa, baina Erresuma Batuko emaitzari erreparatuz, orain, «euren borondatearen kontrako neurri drastikoa hartzera daude behartuta». Honek guztiak «ezinegona», «nahasmena» eta «haserrea» nagusitzea eragin du gizartean.
Eztabaida politikoan aldaketa eman da, «eta oraindik goiz den arren, esango nuke Ipar Irlandaren estatus politikoaren gaineko erreferenduma uste baino hurbilago dagoela». Hori horrela, dagoeneko ez da soilik nazioaren gaineko eztabaida erdigunean dagoena, «aipatutako elementu guztiak mahai gainean» daudela baizik.
Akordioa noraezean
Hilaren 31n bukatuko da Brexit-a gauzatzeko epea, nahiz eta hitzarmenik lortu ezean, hilaren 19rako beste atzerapen bat eskatu ahal izango duen Erresuma Batuak. Proposamen berri bat aurkeztu zuen asteazkenean Johnson lehen ministroak akordiorako bidean. Edizio hau ixterako, horrekin zer gerta zitekeen argitzeke zegoen oraindik. Europako Batzordeko jarduneko presidente Jean Claude Juncker «oso modu gogorrean dago», Smithen ustez. Buruzagiak azken proposamena begi onez hartu duen arren, hitzarmena ahalbidetzeko bakoitzak bere aldetik zerbaiti uko egin beharko diola dio britaniarrak, «bestela ez da irteerarik egongo». Prozesu honek sortutako galera ekonomikoak ere nabarmendu ditu Smithek. Hala ere, gauza bat argi dauka: «Akordiora nekez iritsiko dira azkenean, zeren hitzarmenik ematen ez bada, Ingalaterrak galdu egingo du, baina EB ere galtzaile suertatuko da».
Bi Irlandak batzearen aldeko mugimendua piztea da unionisten beldurraren erroa
Ipar Irlandaren geroa orain arteko oztopo nagusia izan da. Negoziazioak berrabiarazteko xedearekin, muga fisikorik gabeko aduana proposatu du aste honetan Johnsonek. Izan ere, muga ezartzeak zauriak ireki ditzakeela uste du Smithek: «Ingelesek ez dute muga berriz ere ezartzea nahi, Irlandarekin harremanak leundu direla kontuan izanda, ez dute indarkeria arazorik berpiztu nahi. Europako merkatu komuna Ipar Irlanda geratzearen aurka dagoela dirudi, baina aldi berean Ipar Irlandak bertan gelditu nahiko luke. Ez dakit, oso konplikatua dela uste dut».
Bat egin du Oleagak mugak ekar ditzakeen ondorioekin, eta haren hitzetan, aditu askoren iritziz, iragana berpiztu eta indarkeria areagotuko luke. Izan ere, 1998ra arte bi Irlandak muga baten bitartez banatuta egon ziren, eta bake prozesuaren garaipen gisa ikusten dute herritarrek hori desagertu izana: «Gainera, bake hitzarmenaren printzipioak urratuko lituzke».
Mugak ireki ditzakeen zauriez gain, beste beldur bat nagusitzen da unionisten artean. Izan ere, bi Irlandak batzearen aldeko mugimendua piztea da unionisten beldurraren erroa. «Hor dago negoziazioaren oztopoaren gakoa», errenteriarraren iritziz: «Theresa Mayk Democratic Unionist Party (DUP) alderdiari esker osatu zuen gobernua, eta Ipar Irlandari nolabaiteko estatus berezia emateko prest agertu zen, baina unionistek geratu zuten aukera hori».
Oleaga: «Batasunaren aldeko ahotsak geroz eta ozenagoak dira, baita anitzagoak ere»
Boris Johnsonek aste honetan aurkeztutako proposamenak orain arteko backstop-aren protokoloa ordezkatu nahiko luke. Izan ere, lehen zirriborroaren arabera, 2020aren bukaerarako Londresek eta Bruselak Ipar Irlandaren gaineko akordiorik lortu ezean, EBren zenbait arauen menpe geldituko litzateke. Eta hori da hain zuzen unionistek ekidin nahi dutena, «Irlandaren batasunetik gertuago» jarriko dituela uste baitutelako Oleagaren iritziz. Baina ez da hori faktore bakarra. «Batasunaren aldeko ahotsak geroz eta ozenagoak dira, baita anitzagoak ere», azaldu du.
Informazio eza, nagusi
Zurrumurruak zurrumurru, sor daitezkeen ondorioen gaineko informazio falta nagusitzen da. Ingalaterrako enbaxadak nolabaiteko argibideak ematen ote dizkien galdetuta, ezetz erantzun du Smithek. Ez hori bakarrik, deitzen duen bakoitzean inork ez du deia erantzuten. «Onena Interneten bilatzea da», erantzun du, etsipenez.
EU Settlement Scheme izeneko agiria bete behar dute, bestalde, EBko biztanleek Britania Handian eta Ipar Irlandan geratu ahal izateko. 2021eko ekainera arteko epea dute horretarako, eta bertan bizi eta lan egiteko eskubidea aitortzen die. «Nik egin dut jada –esplikatu du Oleagak–, eta settled estatusa onartu didate».
Euskal Herrian geratzea ahalbidetzen zion behin betiko dokumentua aspaldi jaso zuen Smithek, baita haren anaiak ere. Etorkizunean zer gerta daitekeen ez du batere argi, ordea, britaniarrak.
Ildo beretik mintzatu da oreretarra, eta Belfast inguruan bizi diren atzerritarrei erreparatuta inor ez dela fio onartu du. Agindutako agiriak beteta ere, «garapen praktiko eta erreala» zein izango den ezjakina da oraindik ere. Hori guztia dela eta, «nahasmena» nagusi dela adierazi du, «nekea, tentsioa… Baina indar abertzaleak itxaropentsu daude. Ni ere bai».
Ondorioen informazio falta dute garraioren sektorean
Izapide administratiboekin lotzen dituzte Oarso Bidasoko garraiolariek aldaketa nagusiak. Lan erritmoa mantsotuko dela aurreikusi dute
Oarsoaldean zein Bidasoaldean garrantzia handikoa da garraioaren sektorea. Brexit-ak zer nolako eragina izan dezakeen ezezaguna da oraindik sektorean lan egiten duten beharginentzat, baina aldaketak emango direla argi dute. Eta nola ez, aldaketa horiek enpresaren tamainaren arabera ez dute eragin berbera izango. Nazioartean zabalpen handia duten enpresek izapide administratiboak errazago kudeatuko dituzte langile autonomoek baino, eta hala ziurtatu du Hiru sindikatuko komunikazio arduradun Jaione Ugartek. Oiartzunen dauka bere egoitzetako bat Hiru sindikatuak, eta nazioartean lan egiten duen afiliatu gehienak Frantziara, Alemaniara eta Belgikara joan ohi diren arren, kopuru txiki batek Erresuma Baturaino bidea egiten du.
Herrialdeen mailakatzea
Brexit-a nolakoa izango den jakin arte zaila da irudikatzea zein ondorio ekarriko duen, baina printzipioz, Erresuma Batua hirugarren herrialde bat izatera igaroko dela azaldu du Ugartek. Lehenengo herrialdea norberak lan egiten duen estatua da; bigarren herrialdea, adibidez, Frantziako estatua litzateke: «Bertara merkantzia bat eraman nahi izanez gero, dokumentazio xume bat behar dugu, eta Madrildik bidaltzen digute». Hirugarren herrialde bat izateak «arazo burokratikoak» sortuko lituzke, eta garraioa mantsotuko lukeela ziur da Ugarte, «horretan ez dago zalantzarik».
Frantziak egoerari aurre hartu dio eta muga adimentsua prestatzen ari da, ilarak eta sor daitezkeen arazoak ekidite aldera. «Azkenean, paper kontu bat izango da. Paperek zer dute? Mantsoak direla, eta zer gertatzen da? Guk ezin badugu pasa, merkantzia ere ezingo dugula eraman», dio Ugartek.
Momentura arte ez dutela «informazio zehatzik» jaso aitortu du, eta beraz,«dena zurrumurruak» besterik ez direla. Pausoz pauso joan beharko dutela onartu du, akordioen arabera euren lana pixkanaka egokituz.