Euskaraz hitz egiteko espazioak sortuko ditu aurten ere Mintzalaguna programak
Ohiko talde eta jarduerez gain, berritasun batekin dator aurtengo Mintzalaguna; izena emateko epea gaurtik hilaren 14ra bitartean zabalik egongo da.
Mintzalaguna programan izen-emate epea irekita dago dagoeneko. Hondarribiko Udaleko Maria Serrano Euskara zinegotziak, Aritz Enparan Mintzalaguneko arduradunak eta Karmelo Goikoetxea euskara teknikariak eman dute egitasmoaren berri gaur goizean egindako agerraldian. Euskaraz hitz egiteko espazioak eta uneak sortzea helburu du egitasmoak. Gaur arratsalderako finkatu dute lehen hitzordua, mintzapotea-n, 19:00etan, Zabalan.
«Azken urteotan geroz eta jende gehiagok parte hartu du eta giro oso polita sortu da», azaldu du Serranok. Iaz 80 lagunek parte hartu zuten eta aurten kopuru hori haztea edo behintzat mantentzea espero dute antolatzaileek. «Ez da euskara ikastera euskaltegira joatea bezala», nabarmendu nahi izan du zinegotziak, euskaraz ondo dakien arduradun bat izendatzen dute eta gainontzekoei euskaraz hitz egitea ahalbidetzen die.
Mintzalaguneko arduradun Enparanek azaldutakoaren arabera, hiru aldaera ditu Mintzalaguna programak. Lehena Mintzalaguna bera da, orain artekoa, aisialdi plan ezberdinak eginez euskara praktikatzeko aukera ematen duena. Bigarrena Gurasoplana da, gurasoak eta haurrak euskaraz hitz egiteko elkartzen dituen programa. Eta hirugarrena, Gaztekuadrilla da, oraindik ez dagoena martxan, baina ahalegin berezia jasoko duena aurtengo ikasturtean.
Aurten berritasun moduan beste jarduera bat abiatuko dute Mintzalaguneko antolatzaileek. Hala, musika eskolara, kiroldegira eta futbol elkartera umeak eramaten dituzten gurasoak han elkartzea eta euskaraz egitea da helburua. Era horretan, helduen artean espazio berri bat sortu nahi dute, eta dagoeneko, musika eskolan horretarako gela bat lortu dutela aipatu du arduradunak.
Izen-emate epea gaurtik hilaren 14ra arte zabalik egongo da, esku-orria betez eta BAZen entregatuz edo Internet bidez.
Nondik norakoak
2006. urtean ekin zioten lehen aldiz Mintzalaguna programari Karmelo Goikoetxea teknikariak azaldu duenez. 2013-2014 ikasturtean Euskaltzaleon Topagunearen bidez garatzen hasi zen, «oso errotuta dagoen elkartea da, esperientzia handikoa». Elkarteak egindako kudeaketa zuzen hori kalitatean sumatzen dela adierazi du Goikoetxeak.
Mintzalagunaren programaren ekitaldi guztietan parte hartu duten bidelagun eta bidaiari guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie euskara teknikariak, emandako denborarengatik eta batez ere, «horiek gabe ez lukeelako inongo zentzurik izango». Hala, gaurko ekintzan parte hartzera deitu ditu mintzakide guztiak, «gure pintxopote mintzapote bihurtuko dugu. Ur tanta bat izango da gure ozeano erdaldun honetan».