Kuadrillak 2.0 programa, bigarrenez, bueltan da
Hizkuntza ohitura berriak sortzeko aisialdi saioak egingo dituzte DBHko ikasleek, asteazkenero.
Bueltan da Irun Kuadrillak 2.0 programa. Iaz estreinatu zuten egitasmoa, aisialdiaren bitartez, irundar txikienei euskarara gerturatzeko asmoz. Bada, iazko arrakasta ikusirik, bigarren edizioa egitea erabaki dute. Udaletik gogoratu dutenez, aurrekontu partehartzaileen ondorioz sortu zuten egitasmoa.
“Irungo gaztetxoek, beste gauza batzuen artean, hizkuntza ohitura berriak hartzeko sortu zen, euskara eremu formalekin bakarrik lotzetik, beraien eguneroko bizitzan aplikagarriak diren tresna ere izatera pasatzeko”, diote udaletik. Irunen erroldatutako eta 2019-2020 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek izango dute parte hartzeko aukera. Irunen erroldatuta egon ez arren, hiriko instituturen batean ikasten dutenek ere aukera berbera izango dute.
Talde bakoitzean gutxienez 15 eta gehienez 35 lagun elkartuko dira eta bi begirale izango dituzte gaztetxoek. Asteazkenetan bi orduz aisi jarduerak egingo dituzte Martindozenea Gaztelekuan, 18:00etatik aurrera. Gainera, hilean behin irteera edo jarduera berezi bat egingo dutela ere zehaztu dute.
Parte hartzeko interesa duten gazteek webgune honetan izena eman dezakete, hilaren 14ra (astelehena da) bitarte. Plaza mugatuak izango dira, eta hurrenkeraren arabera esleituko dituzte.