Emakumeen trainerua omenduko du Olagarro elkarteak
Maila mantendu izanagatik eta azkeneko bi estropadetan hain ondo arraun egiteagatik omenaldi txiki bat jasoko du nesken eskifaiak.
Hondarribiko Arraun Elkarteko emakumeen boteak omenaldia jasoko du Olagarro Kultur Elkartearen eskutik, etzi, larunbatarekin. Itxaropena tabernan egin dute elkartzeko deialdia, 20:00etan. Trikitilari batek eta Bikinga erraldoiak irekiko dute bidea San Pedro kaletik Olagarro elkarteraino. Kirolariez gain, elkarteko bazkideak eta arraun elkarteko zuzendaritzako bi ordezkari ere bertan izango dira. Ibilbidearen ondotik, afaria edukiko dute elkartean; detailetxo bat ere jasoko dute arraunlariak.
Peio Berra elkartekideak azaldutakoaren arabera, denbora gutxiago daramate arraunean eta beraz, ez dira hain ezagunak. Hala ere,«maila mantentzea lortu dute, eta azkeneko bi estropadak oso ondo egin dituzte». Beraz, iaz egin bezala, aurten ere omenaldia prestatzea erabaki du Olagarro elkarteak.
Hori guztia dela eta, emakumeen eskifaiari sostengua adieraztera hurbiltzeko deitu dituzte herritarrak.