Patinatzen ikasteko aukera eskainiko du aurten ere Eskola Kirolak
Lerroko patinetan irristatzen ikasi nahi duten sei eta hamabi urte arteko ikasleei zuzenduta dago ikastaroa; ostiraletan emango dira eskolak, Jostaldi pilotalekuan.
Eskola Kirolaren barruan kokatutako Bixi Bizi programak lerroko patinetan ikasteko aukera emango du aurten berriz ere. Sei eta hamabi urte bitarteko ikasleek parte hartu ahal izango dute patinaje ikastaroan, ostiraletan, Jostaldi pilotalekuan.
Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes kirol zinegotziak azaldutakoaren arabera, «umeek oinarrizko trebeziak landuko dituzte». Horrez gain, joko ezberdinen bidez talde dinamikak eta ikaskideen arteko harremanak ere garatzea da helburua.
Norberak bere patinak eta babesak eramatea beharrezkoa da, baita, babes guztien erabilera ere (kaskoa, belaunetakoa, ukondokoa eta eskumuturrekoa). Ikasleren batek behar bereziak izanez gero, eskaera egiterakoan adieraz dezala eskatu dute antolatzaileek.