Euskarazko irakurzaletasunari buruzko saioa eskainiko dute Maialen eta Unai Oiartzunek
Aurtengo Loidi bekaren onuradunek egindako 'Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian' ikerketari buruzko parte hartze saioa eskainiko dute.
Maialen eta Unai Oiartzun irundarrak izan dira aurtengo Loidi bekaren onuradunak. Bada, bekarekin egindako Euskarazko irakurzaletasuna Irungo Udal Liburutegian ikerketa lana partekatzeko asmoz, saio berezia egingo dute datorren hilaren 8an (asteartea da), CBAko Loidi aretoan. 19:00etan ekingo diote.
Liburutegiko maileguei, jarduerei eta erabiltzaileen profilari buruzko datu kuantitatiboak bildu eta landu dituzte anai-arrebek. Ikerketaren alde kualitatiboari dagokionez, elkarrizketa ugari egin dituzte, baina herritarren ekarpenak ere jaso dituzte.
Ikerketaren datuek iradokitzen dutenaren, euskarazko irakurzaletasunaren edo hori bultzatzeko proposamenen inguruko ekarpenak biltzea du helburu saioak. “Egindako lana elkarbanatu nahiko genuke, interesa duen edonoren iritzi, hausnarketa edo proposamenekin aberasteko”, azaldu du bikoteak.