Elkarrizketariak eta Mintzalaguna, bueltan
Datorren astelehenetik (hilak 7) aurrera, irundarren artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoetan izena eman daiteke.
Irungo Udal Euskaltegiak, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, beste urte batez Elkarrizketariak eta Mintzalaguna egitasmoak martxan jarri ditu. Datorren astelehenetik (hilak 7) aurrera izena eman daiteke bi egitasmoetan. Hilaren 15era bitarte izango da aukera apuntatzeko, webgune honetan.
Elkarrizketariak maila oso altua ez dutenei zuzendutakoa da, hau da, B1 arteko maila dutenak apunta daitezke. “Elkarrizketariak euskaraz mintzatzeko gunea da, aukera ematen duena, kasu berean dagoen jendearekin bat eginik eta maila horretara egokitzen dituen mintza saioa eta tailerrak bideratzen dituen talde batek gidatua”, diote antolatzaileek. Hilean bi saio egingo dituzte.
Bestalde, Mintzalaguna egitasmoa B1etik gorako maila dutenei zuzendutakoa da. 5-6 laguneko taldeak osatuko dituzte, eta astean behin bilduko dira.
Bi egitasmoen helburu nagusia euskaraz hitz egitea dela diote euskaltegitik. “Zerbait hartu, paseo bat eman, edozein ekintza egiten duten, baina beti euskaraz eta giro onean”.